Zalakain eta Alvarez garaile Aizarnazabalgo I. duatloi luzean

Eneritz Albizu Lizaso 2016ko apirilaren 26a

Proba gogorra izan zela nabarmendu dute parte-hartzaileek. 80 lagun inguru ibili ziren larunbatean boluntario gisa, eta haiei eskerrak eman dizkiete antolatzaileek.«Ia hil egin naiz», esan zuen Laura Alvarez Aizarnazabalgo I. duatloiko emakume irabaz...

Proba gogorra izan zela nabarmendu dute parte-hartzaileek. 80 lagun inguru ibili ziren larunbatean boluntario gisa, eta haiei eskerrak eman dizkiete antolatzaileek.

«Ia hil egin naiz», esan zuen Laura Alvarez Aizarnazabalgo I. duatloiko emakume irabazleak helmugara iristean. Izan ere, «polita, baina gogorra» izan zen larunbateko proba, parte-hartzaileen arabera. Gizonen artean, Egoitz Zalakain tolosarra izan zen azkarrena. Hiru ordu, 18 minutu eta 53 segundoan bukatu zuen ibilbidea. Pello Osoro eibartarra sailkatu zen bigarren lekuan, minutu bat eta 21 segundora; hirugarrena, berriz, Julen Larruzea izan zen, zazpi minutu eta zortzi segundora. Emakumeetan, Laura Alvarez asturiarra izan zen azkarrena: hiru ordu 34 minutu eta 38 segundoan bukatu zuen duatloi luzea. Ondoren helmugaratu ziren Nerea Gambra, bost minutu eta 29 segundora; eta Itziar Barrenetxea, hamasei minutu eta 59 segundora.

Bi txapel jokoan

Aizarnazabalgo proba Euskadiko eta Gipuzkoako duatloi luzeko lehia ere izan zen. Gizonezkoetan, Zalakainek irabazi zituen bi txapelak; emakumezkoetan, berriz, Gambra gasteiztarrarentzat izan zen Euskadiko titulua, eta Barrenetxea donostiarrarentzat Gipuzkoakoa.

Eskerrak boluntarioei

Aizarnazabalgo kirol elkarteak eskerrak eman dizkie lasterketan laguntzen jardun zuten boluntario guztiei. Zestoa, Getaria eta Zumaian ere jende askok lagundu zuen, eta Iñaki Gabarain antolatzaileak azaldu duenez, haiek gabe ezingo litzateke proba halako ondo egin.

Balorazio orokorra egitea falta zaie, eta orduan erabakiko dute datorren urtean proba berriro antolatu edo ez.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide