Errepide nagusiez ardutzen direnak dira lanuztean daudenak. Eskatzen dutena da lan hitzarmena eguneratzea eta adjudikazioen beheranzko joera aldatzea
57. greba eguna dute gaur errepideen mantenuaz ardutzen diren langileek; martxoaren 1ean hasi zuten greba mugagabea. Errepide nagusietaz arduratzen diren langileak dira protestan ari direnak, errepide bazterrak pankartaz josi dituzte, eta harridura marka bat duten ertz gorriko triangeluak jarri dituzte han eta hemen, arriskua adieraziz. Aldi baterako enpresa elkarteetako beharginak dira ELAk egindako lan uztera batu direnak: UTE Urola Deba 2014, UTE Goierrialdea 2014 eta UTE Miramon 2014.Gipuzkoako Foru Aldundiari irtenbidea eskatzen diote errepideetako langileek. Protestan jarduteko hainbat arrazoi nabarmendu dituzte beharginek: lanen adjudikazioak eta lan hitzarmena, batik bat.
Errepideetako langileen hitzarmena eraikuntzakoan dago oinarrituta; ondorioz, 2009tik soldatak izoztuta dituzte, azaldu du Jone Irureta UTE Miramon 2014ko langile eta ELAko delegatu zestoarrak: «Errepideetako enpresak bereziak dira, ordea, eta kontu asko eraikuntza hitzarmenean ez daude jasota. Berezitasun horiek enpresekin negoziatu nahi ditugu. Hasieran horretan saiatu ginen, baina enpresek ezer askorik egiteko asmorik ez ziguten azaldu, eta aldundiak adjudikazioak oso prezio justuetan egiten zituela adierazi ziguten». Orduan, enpresen bidetik irtenbiderik ez zuten ikusi langileek eta grebara jotzea erabaki zuten.
Aldunditik erantzunik ez
Aldundiak errepideetako enpresei egiten dizkien adjudikazioak gero eta murritzagoak direla ere salatu dute errepideen mantenimentuko langileek.«Kontratutik kontratura merkeago egiten dituzte, gero eta baxuagoak dira adjudikazioak. Azken kontratua hartzen dute erreferentzia bezala eta zerbitzua mantendu egiten da. Guk hori salatu genuenean Gipuzkoako Foru Aldundiak onartu zuen hori horrela dela, baina hortik aurrera ez du beste ezer egin: zuzentzeko asmorik ez du azaldu, eta erantzunik ere ez digu eman», azaldu du Iruretak.
Azken batean, langileek orain eskatzen dutena da: enpresek lan hitzarmenak sinatzea, ekonomikoki eguneratuz eta «blindaje kontratuak» onartuz eta Aldundiak «adjudikazioen beherako politika» aldatzea. Horrez gain, errepideen mantenuko lanetan adjudikazioen baldintzak betetzen direla kontrolatzea ere eskatu die aldundiari. «Askotan zerbitzuen kontratazioen baldintzak ez dira betetzen lanak egiteko orduan, eta hor azkenean langileen segurtasuna dago jokoan», azaldu du Iruretak.
Greban dauden bitartean enpresekin bildu dira langileen ordezkariak: «Enpresen aldetik zerbait egiteko asmoa ikusi dugu, baina oraindik bi aldeen posturak urruti daude. Diputazioaren aldetik, berriz, erantzunik ez dugu jaso».
Bitartean, greba egunak gehituz, eta gutxieneko zerbitzuak ematen ari dira errepideen mantenuaz arduratzen diren langileak. Aldi berean, protestan eta zarata ateratzen jarraitzen dute: errepide bazterretan, zubietan... kartelak ipiniz, egunero eguerdietan elkarretaratzeak eginez Donostian Gipuzkoa plazan, bizikleta martxak eginez edota auto karabanak antolatuz. «Guk jarraitzeko asmoa dugu, langileok garbi daukagulako zer salatzen ari garen».