«Deba eta Donostia arteko zatia da bakarra gaueko tren zerbitzurik ez duena». Hori dela eta, PSE-EEk asteburutarako eta ekitaldi berezietarako tren ordutegia zabaltzeko eskatuko du Eusko Legebiltzarrean, horrek Eusko Jaurlaritzari zerbitzua indartu dezan galdegin diezaion. Bihar aurkeztuko du mozioa Patxi Elola legebiltzarkide zarauztarrak. Haren arabera, «ulertezina eta onartezina» da egungo egoera: «Bilbotik Donostiarako linean, Deban amaitu egiten da gaueko zerbitzua. Deba inguruko eta Urola Kostako biztanleak isolatuta daude, gutxietsita». Hori dela eta, gaueko tren zerbitzua ekainaren 1a baino lehen zabal dezaten eskatuko du Elolak.
Gloria Vazquez, Arritxu Marañon eta Fermin Orue-Etxebarria, hurrenez hurren, Zarauzko, Zumaiako eta Usurbilgo PSE-EEko zinegotziekin batera agerraldia egin zuen atzo goizean Elolak, Zazpi elkartean. Gogoratu zuen gaia ez dela «berria». 2013an eskatu zuen lehenbiziko aldiz PSE-EEk gaueko tren zerbitzua zabaltzeko tarte horretan, eta garraiorako agintaritzak azterketa egingo zuela erantzun zuen, Elolaren arabera. «Orain arte ez da ezer egin», nabarmendu du Vazquezek.
Onura sozialak
Duela 15 egun, berriz, interpelazioa jarri zuen alderdi sozialistak zerbitzu hori martxan zergatik ez zen jarri argitzeko. Legebiltzarkide zarauztarrak azaldu duenez, sailburuordeak «ez zela beharrezkoa» erantzun zuen, «estimazioetan oinarrituta». «Ez da azterketa sakonik egin, baina datuak hor daude. Zumaia eta Hendaia artean tren erabiltzaileen kopurua %12,5 igo da. Erabiltzen da, beraz».
PSE-EEk garraio publiko iraunkorraren aldeko apustua egin du. Elolaren arabera, aisialdiaz gozatzeko aukera zabalagoa eskaintzeaz gain, ingurumena zaindu eta herritarren segurtasuna bermatzen laguntzen du. «Onura ekonomikoez gain, onura sozialak ekarriko ditu».