Bettek bigarren aldiz irabazi du Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia

Ana Abarisketa 2016ko apirilaren 19a

Larunbateko lasterketa herrikoia Asier Fernandez azkoitiarrak eta Maite Etxezarreta azpeitiarrak irabazi zuten. Gipuzkoako txapeldunak Sagarzazu eta Colomo izan diraEmmanuel Bett keniarrak eta Zulema Fuentes Pilar espainiarrak irabazi zuten XXIII. Azpe...

Larunbateko lasterketa herrikoia Asier Fernandez azkoitiarrak eta Maite Etxezarreta azpeitiarrak irabazi zuten. Gipuzkoako txapeldunak Sagarzazu eta Colomo izan dira

Emmanuel Bett keniarrak eta Zulema Fuentes Pilar espainiarrak irabazi zuten XXIII. Azpeitia-Azkoitia maratoi erdia, larunbat arratsaldean. Ez zuten markarik hautsi, baina ikuskizunik ez zen falta izan kiroleko saioan. Korrikalari keniarrak bigarren urtez jarraian egin du lehen postua. Diego Garciaren oroimenezko lasterketaz gain, Gipuzkoako Txapelketa ere jokatu zen: Ander Sagarzazu donostiarra eta Lurdes Colomo zizurkildarra nagusitu ziren proba horretan.

Lasterketak hasi aurretik, eta minutuko isilunea ordezkatuz, Diego Garciaren familiako kideei aurreskua egin dzien Sahatsa dantza taldekoek. Ondoren hasi ziren kirol lehiak.

Lasterketa herrikoian (7,5 kilometrokoan) herritarrak izan ziren nagusi: gizonetan aurrena, Asier Fernandez azkoitiarra (00:24:38) izan zen, eta emakumeetan Maite Etxezarreta azpeitiarra (00:29:46). Roller proban, Sergio Rodriguez (00:14:19) izan zen aurrena gizonezkoetan eta emakumezkoetan Berezi Martinez de Lafuente (00:15:57).

Igandean, duatloia

Larunbatean maratoi erdia izan bazen, igande goizean duatloia jokatu zen Azkoitian. 127 kirolak parte hartu zuten Azkoitiko distantzia motzeko XVII. Duatloia. Helmugan aurrenak Mugarra Triatloi Taldeko David Garcia eta Yepa! Triatloi Klubeko Helene Alberdi izan ziren.

Proba hasten aurrenak emakumeak izan ziren, 10:30ean irten zuten. Gero, hamar minutura irten zuten gizonezkoek. Aurrena hamar kilometro egin zituzten korrika, gero 34 kilometro bizikletan eta proba bukatzeko beste 4,5 egin zituzten antxintxika.

Aurrena helmugaratu zirenei dopin kontrola egin zien; Eusko Jaurlaritzaren Dopinaren Aurkako Euskal Ajentziak kudeatzen ditu proba horiek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide