Heroiek hartuko dute Baztartxo antzokiko oholtza larunbatean

Ana Abarisketa 2016ko apirilaren 19a

Kandido Uranga, Ramon Agirre eta Jose Ramon Soroiz aktoreak Azkoitiko Baztartxon izango dira larunbatean, 'Heroiak' obrarekin. Euskal antzerkiarekin hitzordua 22:00etan hasiko da.Hiru agure maitagarri dira Heroiak antzezlaneko protagonistak. II. Mundu ...

Kandido Uranga, Ramon Agirre eta Jose Ramon Soroiz aktoreak Azkoitiko Baztartxon izango dira larunbatean, 'Heroiak' obrarekin. Euskal antzerkiarekin hitzordua 22:00etan hasiko da.

Hiru agure maitagarri dira Heroiak antzezlaneko protagonistak. II. Mundu Gerran heroi izan zirenak gizarteak bazter utzita eta senideek ahaztuta bizi dira zahar-etxe batean, eta lorategiko atarian ematen dituzte orduak eta egunak. Rene errena dago, Gustavek agorafobia du eta Fernandek zorabioak izaten ditu sarri, buruan duen metraila pusketaren erruz. Gerraren ajeak dituzte hiru nagusiek.

Ramon Agirre, Kandido Uranga eta Jose Ramon Soroiz aktoreek antzeztuko dituzte hiru agure horiek larunbatean. Euskal antzerkiarekin hitzordua 22:00-etan hasiko da, Azkoitiko Baztartxo antzokian. Sarrerak egunean bertan jarriko dituzte salgai hamar euroren truke. Halere, aurretik eskuratu daitezke udaletxeko harreran. Kasu horretan zortzi euro ordaindu beharko dira.

Gerald Sibleyras antzerkigile frantziarrak sortu zuen Heroiak, eta arrakasta handia lortu du antzerkiak ordutik. 2006an, esaterako, Lawrence Olivier komedia onenari saria irabazi zuen. Gaur egun Parisen eta Londresen ere biran ari da antzerkia.

Euskarara itzuli du Ramon Agirrek, eta Txalo Produkzioak ekoitzi du, Begoña Bilbaoren zuzendaritzapean. Atzo goizean azaldu zituzten antzezlanaren xehetasunak Kandido Uranga aktoreak eta Xabier Agirre ekoizpen arduradunak, Azkoitian bertan. «Antzezpenari dagokionez, hirukote borobila aurkitu dugu, eskarmentu handia dute eta erantzun handia izaten ari gara», azaldu zuen pozik Xabier Agirre obraren ekoizleak.

Urangak aitortu zuen, «sentimendu handiko obra» dela Heroiak, emanaldi erabat «atsegina». Zumaiako aktore honek «komedia malenkoniatsu» gisa definitu du antzerki lana: «Ikusleak ez du irribarrea aurpegitik kenduko saioak irauten duen bitartean».

Joan den urtarrilaren 20an estreinatu zuten Heroiak Bilboko Arriaga antzokian, eta ez dira gelditu ordutik. Ohikoa da beraientzat astean hiru saio izatea. Oraingoan ere hala izango da: ostiralean, Zumaian aurkeztuko dute antzerkia, Aita Mari antzokian, 22:00etan; larunbatean, Azkoitian, eta, igandean, Lezon.

Hamarkadak elkarrekin

Uranga, Agirre eta Soroiz aspalditik dira lagunak eta lankideak. «1982. urtean hasi ginen elkarrekin lanean antzerki eskolan. Gure ametsa aktore izatea zen orduan, eta gogotsu jarraitzen dugu oraindik orain», azaldu du zumaiarrak. Obra estreinatu aurretik bi hilabetez aritu ziren entseatzen, «egunero bost edo sei ordu pasatzen genituen elkarrekin».

Antzezpenarekiko, eta batez ere antzerkiarekiko duen zaletasuna ere aitortu du aktore zumaiarrak Azkoitian: «Asko maite dut ofizio hau. Urte asko behar izan ditut bai ofizioa baita neure burua ere ondo ezagutzeko. Duela hamar urte egin nituen bakeak neure buruarekin, eta, ordutik, antzerkiarekin gozatzen ari naiz».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide