Urola Kostako turismo bulegoek nabarmendu dute aurreko urteko datuekin alderatuz Aste Santuko oporraldian bisitari kopurua igo egin dela, balorazio positiboa egin dute.
Aste Santuan bisitari ugari etorri da eskualdera bertako herri eta txokoak ezagutzeko, eta turismo bulegoek emaitzak aztertuta «oso balorazio» positiboa egin dute.Azpeitiko Udalak esan duenez, azken bi urteotan turisten ibilia «izugarri hazi» dela nabaritu dute: «Iazkoarekin alderatuz gero, %18ko gorakada izan du Aste Santuko oporraldian Loiolako Turismo Bulegotik pasatu den bisitari-turista kopuruak. Iaz ere, 2014arekin alderatuta, %30 igo zen bisitari kopurua; beraz, aurten %18ko gorakada izateak ere balio izugarria du».
Zarauzko Turismo Bulegotik ere balorazio positiboa egin dute. Aste Santuko jaiegunetan ostatuak beteta egon dira, iaz bezala, eta Pazko Asteko asteburuan ere erreserba ugari izan dira. Madrildik etorri dira bisitari gehienak, %43 hain zuzen ere. Iazko datuekin alderatuz, %19 igo da probintzia horretatik etorritako turisten zenbatekoa. Aste Santuko bisitarien %22 osatu dute kataluniarrek; iazko zenbateko bera. Halaber, Gaztela eta Leongo zein Nafarroako turista asko jaso ditu Zarautzek oporraldian. %14 izan da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoakoa, aurreko urteetan baino %46,15 gutxiago.
Bestetik, adierazi dute Zarauzko Turismo Bulegora jo duten bisitariek Zarautzi buruzko informazio eskatzeaz gain, eskualdeko bestelako interesguneen inguruan ere galdetu dutela, Geoparkeaz; Zarautz eta Getaria arteko ibilbideaz eta gastronomiaz, kasu.
«Onura herriarentzat»
Zumaian ere bisita kopuruak gora egin du Aste Santuan. Udaletik azpimarratu dute turismoaren gorakadak «onura garrantzitsua» eragiten duela herrian, bereziki tokiko merkataritzan eta ostalaritzan: «Izan ere, bisitariak izateak eragin zuzena du herriko zerbitzuen kontsumoan». Zumaiako denda eta komertzio txikien parte hartzea ere nabarmendu du udal gobernuak, «inoiz baino saltoki gehiago egon baitira zabalik opor eta festa egun hauetan». Salmenten inguruan, komertzio horietako jabeek ere «oso balorazio positiboa» egin dute. Ostalaritzari dagokionean, azken urteetako joera mantenduz, herriko ostatuen okupazio maila oso altua izan da.
Orioko eta Getariako Turismo Bulegoetan ere gorakada antzeman dute bisitariei dagokionean. Oriotik adierazi dute «igoera estatuko bisitarien artean» eman dela gehien bat. «Atzerritarren kopurua berriz jaitsi egin da». Jatorriari dagokionez, bisitari asko kataluniarrak izan dira, madrildarrek, berriz, behera egin dute. Eta, erromesei dagokionean ere gorakada egon da, «90 erromes pasatu dira, iaz 75».
Getariako Turismo Bulegoan ere gustura dira Aste Santuko turismo datuekin. «Aste Santuko egunak iazko antzekoak izan dira, baina Pazko Astean jende gehiago etorri zaigu bisitan. Oro har bisitari gehienak Espainiakoak eta Kataluniakoak izan direla adierazi dute Getariako turismo zerbitzutik.