Egitaraua prestatu dute urte guztirako Azpeitiko Udalak, Kultur Mahaiak eta Azkoitiko Maxixatzen elkarteak. Udalak Ildefonso Gurrutxagaren liburua berrargitaratu du.
Atzo. Apirilaren 14a. Duela 250 urte Gariaren Matxinada izan zen Azkoitian eta Azpeitian. Gosea eta lehengaien prezio igoera izan ziren matxinada hartako oinarria, herritar xumeen sua sortzeko txinpartak. Kapitalaren banaketa oso zen desorekatua 1766an, eta Azkoitian sustraitu zen mugimendua segituan iritsi zen Azpeitira, bertan loratzeko.Azpeitiko Udalak, Azpeitiko Kultur Mahaiak eta Azkoitiko Maxixatzen euskaldunen elkarteak ahalegina egin dute bi udalerrien historia gizarteratzeko. Horretarako, urte osorako egitaraua prestatu dute hiruren artean. Horrez gain, Azpeitiko Udalak Ildefonso Gurrutxagaren liburuaren edizio berri bat argitaratu du: 1766 urteko Matxinada Azpeitian. Arrazoiak eta garapena. Azpeitiko historialariak 1933an argitaratu zuen testua, Yakintza aldizkarian. Gaztelaniaz da jatorrizko idatzia, eta bi hizkuntzatan plazaratu du erakundeak. Gaurtik aurrera doan eskura daiteke udaletxean edo udal liburutegian.
«Herriaren historia ezagutzeko eta transmisioa lantzeko» beharrak bultzatu ditu erakundeak elkarlanean gaia lantzera, Izaro Zinkunegi kultur mahaiko teknikariaren hitzetan. Zinkunegik esan du kulturako zati garrantzitsua dela transmisioa, eta horregatik eman diotela garrantzia proiektuari. Matxinada gizarteratzeko elkarlanean aritu diren eragileei eskerrak eman dizkie teknikariak, Gaztetxeari, esate baterako.
Josu Labaka Azpeitiko Kultura batzordeburuak nabarmendu du 250 urte pasatu badira ere, garai hartako zenbait zantzu aurki daitezkeela gaur egungo gizartean: «Gaurko gure Azpeitia eta langile borrokak aztertzen hasiz gero, izango genuke bi une historikoak nola lotu eta non elkartu». Labakak garrantzia eman dio herritarrei informazioa eskaintzeari. Haren arabera, «behar baino gutxiago» dakite herritarrek arbasoek garai hartan bizi zutenaz. «Gariaren matxinada hura ere gure parte da, gure herriaren historiaren parte», gehitu du. Hori dela-eta, ekarri dute berriro Gurrutxagaren lana: «Garai hartako ekonomiaz egindako argazki zehatza argitaratu dugu». Urteurrena aprobetxatuta, gertaera haiek eta testuingurua «plazara» ateratzea nahi izan du udalak. Gurrutxagaren hitzak ere ahotan hartu ditu Labakak: «Euskaldunok, inoiz libre izango bagara, geure historia ezagutu behar dugu».
Kultura batzordeburuak gogorarazi du udala esfortzua egiten ari dela herriko memoria lantzeko, eta ez dela izango azken lana. Herritarrak jauntxoen aurrean altxa zireneko garai hura gogoratuko dute, beraz, urtebetez.