Hondakinentzako poltsa konpostagarriak banatzeko diru laguntza emango die Urola Erdiko Mankomunitateak, Azpeitia, Azkoitia eta Zestoako hainbat merkataritza eta zerbitzu-establezimenduri. Horien egin beharrekoa izango da, herritarrei poltsa konpostagarriak banatzea, komertzio bakoitzaren arreta-ordutegian. Urtebetez banatu beharko dituzte poltsak; mankomunitateak horiek eman eta hurrengo egunetik hasita.
Guztira 10.000 euro bideratuko ditu Urola Erdiko Mankomunitateak horretarako, eta 1.000 euro jasoko ditu establezimendu bakoitzak. Izan ere, lau establezimenduk jaso dezakete sostengu ekonomikoa Azkoitian eta Azpeitian; eta, bik, Zestoan.
Establezimendu onuradunak auzo ezberdinetan kokatuta egongo dira, eta Azpeitia eta Azkoitian ezingo dute laguntzarik eskatu ostalaritzakoek.
Betebeharrak
Baldintzei dagokionez, honako hauek dira: Jarduera Azkoitian, Azpeitian eta Zestoan gauzatzea, jendearentzako arreta eskaintzea goizez eta arratsaldez, azken urtean benetako jarduera izatea udalerri horietan, udal-lizentzia izatea eta lokala irisgarria izatea.
Diru laguntzak eskatzeko epea maiatzaren 6an amaituko da. Eskaera orriak eta laguntzak eskatzeko oinarriak Urola Erdiko Mankomunitatearen webgunean jarri dituzte ikusgai. Horiek betetzeko argibideak, aldiz, Urola Erdiko Mankomunitatearen Azpeitiko Bulegoan —Enparan kaleko 34. zenbakian— eta Azkoitiko eta Zestoako Hondakinen Informazio Bulegoan jaso daitezke.