Errenta aitorpena euskaraz egiteko deia egin die Uemak herritarrei

Ana Abarisketa 2016ko apirilaren 13a

Joan den astelehenetik egin daiteke 2015eko errenta aitorpena, eta ekainaren 25a arte luzatuko da. Uemak dei egin die herritarrei, aurten ere, euskaraz egin dezaten.Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (Uema), kide diren udalekin elkarlanean, errenta a...

Joan den astelehenetik egin daiteke 2015eko errenta aitorpena, eta ekainaren 25a arte luzatuko da. Uemak dei egin die herritarrei, aurten ere, euskaraz egin dezaten.

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (Uema), kide diren udalekin elkarlanean, errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina jarri du abian aurten ere. Uematik harago doa elkarlana, Bizkaiko Foru Aldundiak eta mankomunitateko kide ez diren beste zenbait udalek ere parte hartuko baitute ekimenean, hainbat udaletako euskara talde eta elkarteekin batera.

Gipuzkoan, joan den astelehenetik egin daiteke errenta aitorpena, eta ekainaren 25a arte egongo da horretarako aukera.

Uemak herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izan daitezen bultzatu nahi du oraingoan ere, hala, administrazioaren euskalduntzea ere bultzatuz.

Kopurua, goraka

Urtez urte, goraka doa errenta aitorpena euskaraz egiteko hautua egiten duten herritarrena. Kopuruak goraka segi dezan, herritarren babesa eta parte-hartzea eskatu du aurten ere mankomunitateak.

Urola Kostako zortzi udalerri dira Uemako kideak, honako hauek dira: Aizarnazabal, Azpeitia, Beizama, Getaria, Orio, Zarautz, Zestoa eta Zumaia. Aia, Azkoitia eta Errezil salbu beste guztiak.

Zumaiako eta Orioko udalek errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina jarri dute martxan aurten ere, Uemarekin elkarlanean. Zumaiako Udaleko Euskara Zerbitzua errentaren aitorpena egiten duten aholkularitza zerbitzuekin harremanetan jarri da, eta guztiek bat egin dute kanpainarekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide