Ahalduntzea lantzeko hiru ikastaro antolatu ditu Azkoitiko Udalak

Ana Abarisketa 2016ko api. 13a, 00:00

Biodantza, komunikazioa eta sare sozialak landuko dira ikastaroetan. Aurrenekoa astelehenean hasiko da. Izen-ematea ostiralera arte egongo da zabalik, Azkoitiko udaletxeko harreran.Azkoitiko Udalak ahalduntze ikastaroak prestatu ditu datozen hilabeteet...

Biodantza, komunikazioa eta sare sozialak landuko dira ikastaroetan. Aurrenekoa astelehenean hasiko da. Izen-ematea ostiralera arte egongo da zabalik, Azkoitiko udaletxeko harreran.

Azkoitiko Udalak ahalduntze ikastaroak prestatu ditu datozen hilabeteetarako. Joan den astean aurkeztu zituzten saioak Daiteke enpresako Jaione Fraile aholkulariak eta Nekane Larrañaga udaleko Berdintasun zinegotziak. Larrañagak azaldu zuenez, parekidetasunaren alde ari da lanean udala: «Emakumeak eguneroko bizitzan aktiboagoak izan daitezela nahi dugu, eta parte hartzeko tresnak eskaini horretarako». Ongizate sailak Berdintasun Plan sektoriala egin du, eta martxan dute dagoeneko.

Ikastaroei begira, hiru prestatu dituzte udaberrirako. Aurrenekoa aurki hasiko da, astelehenean, hain zuzen. Karmele Gurrutxagak emango du, Biodan- tza eta meditazio aktiboa gaia landuz. Norbere bizipenetatik abiatuta, bihotzeko eta gorputzeko energietan murgiltzen irakatsiko die ikasleei. Ikastaroa, 18:00etatik 19:30era izango da, astelehenetan, eta bederatzi saio izango dira denera.

Bigarren ikastaroa handik bi egunetara hasiko da, apirilaren 20an, eta Pepa Bojok emango du. Eraginkortasunez komunikatzen ikastea. Asertibitatea eta gaitasun sozialak da ikastaroaren izenburua, eta komunikazio gaitasuna hobetzea du ardatz. Hala, modu «eraginkorragoan» erakutsi nahi ditu komunikatzeko baliabideak eta teknikak. Hamar saio izango dira, asteazkenetan, 15:00etatik 16:30era.

Azken ikastaroa datorren hilean izango da, maiatzean, baina ez dute data zehatzik oraindik orain. Ianire Esteban arduratuko da ikastaroaz, eta gazteak erakarri nahi ditu udalak. Nik nire bizitza kontrolatzen dut. Neure burua maitatzeko eskola eskainiko du, eta sare sozialetan errepikatzen diren estereotipez arituko da.

Izen-ematea, ostiralean

Prezioei dagokionez, doan da maiatzeko ikastaroa. Beste biak, berriz, 24 euro ordaindu beharko dira bakoitza, eta langabetuek 16 euro.

Inskripzioa egiteko honako telefonoetara deitu daiteke: 943-08 00 80 (udaleko harrera zenbakia da hori). Beste aukera da berdintasuna@azkoitia.eus-era idaztea. Ostirala da azken eguna.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide