Asteburuan 30. urteurrena ospatuko du Orioko Danbolin Musika Eskolak; ostiralean kontzertua eskainiko du, eta larunbatean haurrentzat egun osoko festa egingo dute plazan.
danbolin Musika Eskolak 30 urte daramazki oriotarren artean musikarekiko zaletasuna pizten eta sustatzen, eta urteurren borobila ospatzeko jaialdia prestatu dute astebururako. «25. urteurrenean herriari zuzendutako ekitaldiak egin genituen nagusiki. Oraingoa desberdina izango da, guretzako festa antolatu dugu. Ostiralerako, egiten dugun lana erakusteko kontzertua antolatu dugu Arraunetxean, eta larunbatean haurrei zuzendutako egun osoko festa egingo dugu», diote musika eskolakoek.Aurtengo ikasturtean bete du Orioko musika eskolak urteurren borobila, eta atzera begiratuta «etengabe hobetzen» ari direnaren sentipena du Elena Errazti zuzendariak. «Herrian gero eta errotuagoak gaude, eta hemen egiten dugun lana gero eta baloratuagoa dago. Urte askotan lan handia kostatu zaigu aitorpen hori lortzea».
Orioko haur, gazte eta heldu asko pasatu dira 30 urteotan musika eskolatik, eta matrikulazioa pixkanaka, eta etenik gabe, goruntz joan da. «Krisi garaian ere hemen ez dugu antzeman matrikulan beherakadarik, eta horrek esan nahi du, herritarrak musikaren onurez ohartzen direla».
Herrian errotuta
Hiru hamarkadeten, gizartea bezala, aldatuz joan da musika eskola, eta teknologia berrien iraultzak ere eragina izan du. «Ahal den neurrian, teknologia berrietan inbertitzen saiatu gara; izan ere, musika ikasteko eta egiteko modua asko aldatu da azken hamarkadan, eta gu baliabide horiek aprobetxatzen ere saiatzen gara». Erraztiren ustez, ez da ahaztu behar gaur egungo haurrak teknologia berrien garaian hazi direla, «horregatik hezkuntza musikalak ezin dio errealitate horri bizkarra eman. Irakasleok garai berrietara moldatu behar izan dugu, etengabeko ikasketa prozesu bat da guretzat ere».
Erraztik zuzendari kargua hartu zuenetik, musikak herrian merezi zuen tokia lortzea izan du helburu. «Lehen arrauna zen herriko gaztetxoentzat eskolaz kanpoko jarduera garrantzitsuena, eta asko kostatu zaigu musikaren presentzia indartzea». Belaunaldi aldaketarekin batera, «pentsamolde aldaketa» gertatu dela uste dute musika eskolakoek. Amaia Gutierrez irakasleak gogoan du garai batean musika eskolak bandarik ez zuela, «herritar askok ez zuten ulertzen musika eskolak egiten zuen lana zein zen. Ikuspegi hori aldatu egin da, baita musika ulertzeko modua ere». Ander Errasti irakaslearen iritziz horretan gurasoek zeresan handia izan dute: «Guraso askok haurrak zirenean musika eskolan ikasi zuten, eta orain euren seme-alabak ekartzen dituzte».
Etorkizunari begira, gaur egungo eskaintza mantentzea, eta oriotarrek musika ikasten jarraitzea du erronka Danbolin Musika Eskolak. «Musika-tresna bat ikasteak konstantzia eskatzen du, eta zaila egiten zaigu ikasleek musika-tresnarekiko edo parte hartzen duen taldearekiko ardura lortzea». Urte batean banda ondo joan daiteke, eta hurrengoan beherakada izan, «jarraitasun hori landu nahi dugu».