Aspargi Gipuzkoako Parkinson Elkartearen ordezkaritzetako bat Zarautzen dago, eta Urola Kostako gaixoei nahiz haien familiei laguntzeaz arduratzen dira.
Parkinson gaixoen eta haien familien edo gertukoen bizi maila hobetzeko sortu zuten Aspargi Gipuzkoako Parkinson Elkartea. Bulego nagusia Donostian badute ere, bi ordezkaritza dituzte: bata Txingudi-Bidasoakoa, Irunen eta bestea Urola Kostakoa, Zarautzen. Eskualdeko jendea artatzeko eta Donostiara joan beharrik gabe terapiak egiteko aukera emateko eratu zituzten aipatu bi ordezkaritzak. Zarautzen, 2007 tik ari dira lanean, eta Urdaneta kaleko 12 atzean dute lokala.«Elkartera gerturatzen direnei elkarrizketa sozial bat egiten zaie, eta ebaluaketa baten ondoren, zenbait zerbitzu egitea proposatzen diegu», elkartearen funtzionamenduari buruz dio Nagore Bengoa neuropsikologoak. Hortik abiatuta, hainbat terapia eskaintzen dituzte, psikologikoak zein fisikoak. Udalarekin elkarlanean, adibidez, Aritzbatalde kiroldegian igeriketa eta gimnasia egiteko aukera ematen zaie astean bitan, asteartetan eta ostegunetan.
Era berean, astean behin logopeda, fisioterapia eta kiromasaje zerbitzua izaten dute, eta hilean behin neuropsikologo bera etortzen da bulegora, autolaguntza taldea gidatzera. Gaixoei ez ezik, familiako kideak informatzen eta haien zalantzak argitzen saiatzen dira, formakuntza eta laguntza tailerren bitartez: «Senitartekoek lasaitasun handia hartzen dute jarduera hauetan».
Acacio Valentin zarauztarrak 82 urte ditu, eta duela 15 urte diagnostikatu zioten Parkinson gaixotasuna. «Pixkanaka-pixkanaka gehiagora doa gaixotasuna, baina elkartean egiten ditugun jarduerek on egiten didate. Asko erlaxatzen naute». Aspargiko kideek eskaintzen dioten tratuarekin oso gustura eta eskertuta dagoela dio.
Egun 25 gaixok hartzen du parte Zarauzko ordezkaritzako zerbitzuetan. Hala eta guztiz ere, eskualdean 80-90 izan daitezkeela uste dute. «Badakigu gehiago direla. Horregatik, gure ateak zabalik daude, batez ere informazioa emateko», azpimarratu du Aspargiko lehendakari Carmen Olazabalek. Elkartearekin harremanetan jartzeko 943-32 77 15 telefonora deitu daiteke edo aspargi@aspargi.org posta elektronikora idatzi.
Ongintza ekitaldia, gaur
Aspargi elkarteak Parkinson Gaixotasunaren Ikerketaren aldeko I. Ongintza Ekitaldia egingo du gaur, Donostiako Kursaal jauregiko kubo txikian. Horren berri emateko, Aspargiko kideek agerraldia egin zuten joan den astean Zarauzko udalbatza aretoan. Jaialdiak bi helburu nagusi dituela jakitera eman zuen Aspargiko lehendakariak: batetik, elkartearen jarduna ikustaraztea eta bestetik, Parkinsonaren gaixotasuna ikertzeko proiektu baterako dirua biltzea.
Herenegun, apirilaren 11n, Parkisonaren Nazioarteko Eguna izan zen. Data horren bueltan urtero ekitaldiren bat antolatu ohi du elkarteak, baina aurten «zerbait handiagoa» antolatzea erabaki dute. Ekitaldiaren koordinatzailea Pascal Gaigne konpositorea izango da, Parkinson gaixoa eta elkarteko kidea, eta Olatz Beobide eta Asier Hernandez aktoreak ariko dira aurkezle lanetan. Guztira, 80 artista inguruk hartuko dute parte: Orquesta Bisutera taldeak, Amaia Zubiria eta Ainara Ortega abeslariek, Aiert Beobide dantzariak, eta Iñaki Dieguez eta Aitor Furundarena akordeoi jotzaileek, besteak beste. Ekitaldiaren bigarren zatian Aspargi Saria banatuko dute, eta Gurutz Linazasoro neurologoak informazioa emango du Gipuzkoako Parkinson gaixotasunaren ikerketa biomedikuaren egoeraren inguruan.
Ongintza jaialdiko sarrerak 19 euro balio du, eta jaialdian lortutako dirua Parkinson gaixotasuna ikertzeko proiektu batera bideratuko dute; lehiaketa bidez egokituko dute proiektu hori.