Urrezko liga ukitzeko zorian daude

Eneritz Albizu Lizaso 2016ko apirilaren 13a

Sammic Iraurgi Saskibaloi taldeko jokalariak dira Ibon Guridi, Gaizka Maiza eta Xabier Oroz. Zilarrezko Espainiako Ligan bigarren eginda, Urrezko ligarako igoera fasea gaur hasiko dute.Urrezko denboraldia jokatu dute aurten Espainiako Zilarrezko Saskib...

Sammic Iraurgi Saskibaloi taldeko jokalariak dira Ibon Guridi, Gaizka Maiza eta Xabier Oroz. Zilarrezko Espainiako Ligan bigarren eginda, Urrezko ligarako igoera fasea gaur hasiko dute.

Urrezko denboraldia jokatu dute aurten Espainiako Zilarrezko Saskibaloi Ligan Sammic ISB taldeko mutilek. Bigarren postuan bukatu dute liga, hemezortzi garaipen eta zazpi porrotekin, eta gaur bertan jokatuko dute igoera faseko lehen norgehiagoka. Malagako (Espainia) If Clinicas Rincon taldea hartuko du Azpeitiko kiroldegian, 19:00etatik aurrera.

Zilarrezko ligatik urrezkora pasatzea dute jokoan Iker Buenoren gizonek. Horretarako, hiru itzuli dituzte aurretik. Lehenik eta behin, If Clinicas Rincon taldeari hiru partidatik bi irabazi beharko dizkiote. Lehen txanda hori pasatuz gero, bost partidako beste bi itzuli jokatu beharko dituzte suertatutako taldeekin: finalerdietan, bost partidatik hiru irabazi beharko dituzte Sammic ISB taldeko mutilek; eta gauza bera egin beharko dute finalera iritsiz gero. Zilarrezko ligako irabazlea dagoeneko igo da mailaz, orain beste talde batek du aukera: igoera fasea irabazten duenak. Ondo bidean, maiatzaren 17an jokatuko dute finala.

Liga berdindua

«Helburu zehatzik gabe» hasi zuten denboraldia Sammic ISB taldeko jokalariek. «Urtero bezala, lehen erronka maila mantentzea zen. Igoera fasean sartzea ere bagenuen buruan, baina hori sari bat bezala ikusten genuen», azaldu du Ibon Guridi jokalari azpeitiarrak. Denboraldiak aurrera egin ahala, ordea, ikusi zuten «oso berdinduta» dagoela lehia: «Beste urteetan egon izan dira besteek baino askoz jokalari eta aurrekontu hobea zuten pare bat talde, baina aurten ez da horren nabarmena».

Xabier Oroz azkoitiarrak esan du ligan bigarrenak izan badira ere, «zerotik hasi» behar dutela berriro. Beraz, gaurtik hasita, «partidaz partida» egingo dute lana saskibaloi jokalariek. «Partida denak jokatu behar dira, eta zailak dira, ez dago inolako bermerik», azaldu dute.

Gipuzkoako oinarriarekin osatutako taldea dute Iraurgiko gizonek. Azpeitiko eta Azkoitiko jokalari bana daude, Guridi eta Oroz, hain zuzen. Haiez gain, Donostiako eta Errenteriako mutilak ere badituzte, eta Gaizka Maiza Ibarrakoa da. Maizak lehen urtea du Iraurgi klubean, eta Espainiako Zilarrezko Ligan ere estreinakoz jokatu du aurten. «Gustura» dago taldean, «etxean bezala». Ibartarrak uste du kontraerasoa dela taldeko armarik onena. «Errebotea ondo zaintzen dugu, eta joko azkarra da gurea. Partida asko irauli ditugu horrela. Nahiz eta galtzen joan, hiru jokaldi on egin, eta partidan sartu eta irabazten jakin izan dugu», azaldu du hark.

Arrazoia eman dio Guridik ere: «Nortasun handia dugu. Partida askotan hasi gara galtzen, tartea ere zabaldu izan digute, baina jokoan sartu gara, eta buelta eman diogu».

Gipuzkoako jokalariez gain, atzerriko fitxaketak ere egin dituzte. Lau jokalari dituzte: Ameriketako Estatu Batuetakoa, Espainiakoa, Kroaziakoa eta Norbegiakoa. Denen artean, oso talde «konpletoa» osatzen dutela esan du Guridik: «Batek mina hartzen badu, eta irten egin behar badu kantxatik, haren partez sartzen denak ez du egiten lan txarragoa». Azpeitiarraren arabera, horrek «indarra» ematen dio taldeari.

Jokalariek azaldu dute «oso garrantzitsua» izaten dela fitxaketekin asmatzea, «eta aurten asmatu egin dute». «Etxean aurkitu ezin duzun zerbait fitxatzera joaten da kluba. Esaterako, oso zaila da Azkoitian eta Azpeitian mutil altu asko ateratzea, beraz, altueraren bila joaten dira», esan dute mutilek.

Zaleen berotasuna

«Inoiz baino aztoratuago daude zaleak, eta guri hori gustatzen zaigu», esan du Guridik. Izan ere, jokalarientzat berebiziko garrantzia du harmailetako giroak. «Partida asko ikusleek atera dituzte aurrera», nabarmendu dute jokalariek. Hori dela-eta, esan dute oso garrantzitsua dela gaur hasiko den igoera fasean ere haien laguntza izatea. «Badakigu asteguna dela, baina benetan eskertzen dugu herritarren presentzia», adierazi du Orozek.

Badakite zaleak «ilusionatuta» daudela, eta haiekin konpartitu nahi dute esperientzia. «Sumatzen dugu giroa jada: sei partida irabazi ditugu jarraian, eta horrek badu presentzia bat jendearen ahotan, sare sozialetan, hedabideetan eta abar. Hankak lurrean, baina gu ere baikor gaude», esan du Oroz Azkoitiko jokalariak.

Harrobitik goraino

Beraiek badakite. Asko aldatuko da taldearen egoera Sammic ISBk Urrezko mailara igotzea lortzen badu: «Exijentzia igoko da, entrenamendu orduak ere bai: profesionalak bezala jokatuko dugu». Iraurgiko jokalari ia guztiak ikasleak edo langileak dira; horregatik, «amets bat» litzateke gora egitea.

Dena den, nabarmendu dute «bertako jendeari aukera emanda» lortu duela klubak ondo ibiltzea beti. Orozen hitzetan, gazteekin eta umeekin «lan handia» egiten dute Iraurgin, eta horregatik da posible «etxeko jendearekin talde onak» ateratzea. «Umetatik zaindu eta irakatsi diezun horiei, gero aukera bat eman behar zaie maila onetan jokatzeko, eta hori egiten du Iraurgik», nabarmendu du. Horrela heldu dira Sammic taldeko mutilak urrea ukitzeko aukerara.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide