Nostalgiaz dantzatuko dute ikastolaren urteurrenean

., A. Abarisketa 2016ko api. 8a, 00:00

Azpeitiko ikastolaren 50. urteurrena ospatzen ari dira Karmelo Etxegarai eta Urola Ikastola. Lau taldek joko dute bihar Azpeitiko Sanagustin kulturgunean: Jotakie, Direccion Obligatoria, Lin Ton Taun eta Jo!Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraik eta Uro...

Azpeitiko ikastolaren 50. urteurrena ospatzen ari dira Karmelo Etxegarai eta Urola Ikastola. Lau taldek joko dute bihar Azpeitiko Sanagustin kulturgunean: Jotakie, Direccion Obligatoria, Lin Ton Taun eta Jo!

Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraik eta Urola Ikastolak Azpeitiko ikastolaren sorreraren 50. urteurrena ospatzeko prestatu duten egitarauaren barruan joko dute, bihar, Lin Ton Taun, Direccion Obligatoria, Jotakie eta Jo! taldeek. Nostalgiaz betetako gaua izango da askorentzat, Sanagustin kulturguneko oholtzara igoko dira-eta talde horiek hainbat hamarkada eta gero.

Azkoitia, Azpeitia eta Zestoa artean sortutako talde horiek 80ko eta 90eko hamarkadetara eramango dute entzulea. Kontzertuak 22:00etatik aurrera hasiko dira, eta sarrera guztiak agortuta daude dagoeneko. Azpeitiko kulturguneak 560 lagunentzeko tokia du.

Zestoatik hasita

Lin Ton Taun 1992. urtean sortu zuten Zestoan honako kide hauek: Eneko Iribar (bateria), Jon Rezabal Munatxo (panderoa eta ahotsa), Bitor Tena Bitti (baxua), Apolinar Etxeberria Apolio (gitarra), Raul Olaizola (gitarra) eta Joseba Illarramendi (soinua eta ahotsa).

Trikitixa eta rocka euskaraz nahastu zituen lehen taldea izan zen Lin Ton Taun. 90eko hamarkadako talderik arrakastatsuenetarikoa izatea lortu zuten. Guztira, lau disko kaleratu zituzten. Aurreneko biak —Lin Ton Taun (1993) eta Nola esan dek? (1994)— Esan Ozenki diskoetxearekin argitaratu zituzten, oihartzun handia lortuz. Bi disko horietan rap eta rock doinuak nahastu zituzten, besteak beste.

Geroago, Espainiako Dro diskoetxearekin sinatu zuen Zestoako taldeak, eta doinu elektronikoak sartu zituzten azken bi diskoetan: Baneki (1997) eta Micro (1999).

Hainbat urtetako etenaren ostean, 2013an itzuli zen Zestoako taldea oholtzetara.

Madrilera begira

Direccion Obligatoriako hirukotea 80ko hamarkadaren hasieran sortu zuten Jesus Sudupe Pattakiek (ahotsa), Juan Manuel Aparicio Makokik (bateria) eta Luciano Martin Lukak (baxua). Gaztelaniaz abesten zuten, pop-rock estiloa jorratuz. Madrilgo musika zuten gustuko, eta melodia horien eragina nabarmena da haien diskografian. Inguruko herrietan ospe handia lortu zuen taldeak. 1989 eta 1990 artean desegin zen Direccion Obligatoria taldea.

Jo! taldea da Sanagustineko oholtzara igoko den azken taldea. 2004.urtean sortu zuten taldea honako kide hauek: Ruben Lizarralde (gitarra), Abel Alberdi (baxua), Jon Zubizarreta Nartxa (bateria) eta Mikel Alberdi (ahotsa). Oraindik berandu den diskoa kaleratu zuten 2007an, Jo!-ko taldekideek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide