Txirrindularitza pil-pilean

Urola Kostako Hitza 2016ko apirilaren 8a

Euskal Herriko 56. Itzuliak Kosta zeharkatu du, eta jendetza bildu da ibilbidean zehar. Samuel Sanchez izan da Orion bukatu den etaparen txapeldunaEuskal Herriko 56. Itzuliak eskualdea zeharkatu zuen atzo arratsaldean, eta jendetza bildu zen ibilbidean...

Euskal Herriko 56. Itzuliak Kosta zeharkatu du, eta jendetza bildu da ibilbidean zehar. Samuel Sanchez izan da Orion bukatu den etaparen txapelduna

Euskal Herriko 56. Itzuliak eskualdea zeharkatu zuen atzo arratsaldean, eta jendetza bildu zen ibilbidean zehar txirrindulariak bertatik bertara ikusteko irrikaz. 14:40ak inguruan sartu zen Orion Usurbildik zetorren pelotoia txirrindularitza zaleen gozamenerako. Ikusmina sortu zuen probak; batez ere Orion eta Aian, herrigunea zeharkatu baitzuten txirrindulariek bi kasuetan, eta herritarrak kalera atera ziren kirolariak ikustera.

Ibilbide gogorra izan zen atzokoa, «txirrindularitzarako aproposa» adituen iritziz; hasieran eguraldiaren beldur ziren txirrindulariak, baina eguraldia nahiko txukuna izan zen azkenean. Lesakan hasi eta 165 kilometro egin ondoren Orioko hondartzan bukatu zuten 4. etapa, Aiako aldapa igo ondoren.

Lehia estua jokatuta eta Orioko Txankako bidean tropelari aurrea hartuta Samuel Sanchez izan zen etapako txapelduna. Wilco Kelderman (Jumbo) jarri da lider, lau segundora dago Sergio Luis Henao (Sky) eta 7ra Mikel Landa (Sky)

Gaur, Oriotik irteera

Gaur 13:00etan abiatuko dute Oriotik 5. etapa (Orio-Arrate, Eibar). Gero, N-634 errepidea hartuko dute txirrindulariek eta eskualdean egingo dituzte aurreneko kilometroak: Zarautz (13:06), Getaria (13:14), Zumaia (13:21) eta Arroabea (13:25).

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide