18 dendak eta 60 modelok parte hartuko dute Bertanen desfilean

Eneritz Albizu Lizaso 2016ko apirilaren 7a

Igandean da ekitaldia, 18:00etan, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean. Herriko dendarien elkarteko arropa eta osagaiak jantziko dituzte, 'Bertan bizi, bertan erosi' filosofia sustatuz.Bertan Azpeitiko dendarien elkarteak moda desfilea antolatu du igander...

Igandean da ekitaldia, 18:00etan, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean. Herriko dendarien elkarteko arropa eta osagaiak jantziko dituzte, 'Bertan bizi, bertan erosi' filosofia sustatuz.

Bertan Azpeitiko dendarien elkarteak moda desfilea antolatu du iganderako, Want Kooperatibaren laguntzarekin. 18:00etan da hitzordua, Sanagustin kulturgunean. «Herritik eta herriarentzat» eginiko desfilea dela azaldu du Xabier Aldalur Bertaneko teknikariak; hori dela-eta, herriko modeloek parte hartuko dute ekitaldian. Bertan bizi, bertan erosi leloaren baitan antolatu dute erakustaldia. «Egun handia» izango da larunbatekoa, Bertaneko dendarien arabera.

Azpeitiko hemezortzi dendaren arropak eta osagarriak jantziko dituzte 60 modelok. Honakoak dira parte hartuko duten saltokiak: Babesa Gazte Moda, Zuri-Beltz, Ilargi, Saltoka, Kukua, Romaes, Tilin-Talan, Biur, Otola, Arrospide, Amelie, Arantxa haur jantziak, Haurtxoa, L. Xaxarki, Irene Altuna loradenda, Koket, Pipes eta Luix Beltza.

Modeloen artean, gizon eta emakume; ume, gazte eta helduak izango dira. Luis Alberdi dendariak azaldu du «guztientzako moda» eskaintzen dutela Azpeitian, eta horregatik izango dituztela gisa guztietako modeloak oholtzaren gainean.

Xanti Agirrezabala aktoreak zuzenduko du ekitaldia, eta Ekain Ibargurenek bakarrizketa egingo du saio eta saio arteko atsedenaldian. Antolatzaileen hitzetan, «musika, kultura eta umorea» ez dira faltako ekitaldian. Gainera, hara joaten direnen artean, sariak zozkatuko dituzte, esate baterako, Hemenbuy! online plataformak otarra bat jarriko du. Otarra hori Erdikaleko erakusleiho batean dute ikusgai herritarrek.

Bertan Elkarteak eta bertako dendariek eskerrak eman dizkie ekintza antolatzeko lagundu duten erakunde eta norbanako guztiei: «Modelo lanerako prest zeudenei, Zarauzko Monte Albertia estetika eskolari, Sanagustin kulturguneari, Azpeitiko Udalari eta, nola ez, Want kooperatibari».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide