Zuzeneko pilota jokoan ezin izan zuen ezer egin Euskal selekzioak

Ana Abarisketa - Eneritz Albizu Lizaso 2016ko apirilaren 5a

Hiru modalitateetako finalak larunbatean jokatu ziren, Azkoitiko Oteiza pilotalekuetan. Euskal Herriko selekzioak lehia guztiak galdu zituen.Euskal Herriko eta Valentziako selekzioak nor baino nor aritu ziren asteburuan Azkoitian, zuzeneko pilota jokoa...

Hiru modalitateetako finalak larunbatean jokatu ziren, Azkoitiko Oteiza pilotalekuetan. Euskal Herriko selekzioak lehia guztiak galdu zituen.

Euskal Herriko eta Valentziako selekzioak nor baino nor aritu ziren asteburuan Azkoitian, zuzeneko pilota jokoan. Larunbatean jokatu zituzten hiru partida, hiruna modalitatetan: Llargues moduan, One-wall-en eta nazioarteko modalitatean. Lehiak Jorge Oteiza pilotalekuan izan ziren. Etxekoak ez ziren gai izan norgehiagoka bat bera ere irabazteko.

Llargues moduan 2 eta 9 galdu zuten Euskal Herriko selekzioko gizonek. One-wall-en, berriz, 5 eta 21 bukatu zen partida. Talde hau emakumeek osatzen dute. Azkenekoz, eta nazioarteko modalitatean, 3 eta 5 galdu zuen bikote mistoz osatutako euskal taldeak.

Otsailaren 6an sartu zen Euskal selekzioa joko zuzeneko nazioarteko konfederazioan, eta Euskadiko Pilota Federazioko kideek nabarmendu zuten kirolaren «berreskurapenean» zein selekzioaren «ofizialtasunaren bidean» urrats garrantzitsua izan zela.

Aldaera zaharrena

Zuzeneko pilota jokoa eskupilotaren aldaera zaharrena da. Aurrez aurre jarduten dute pilotan jokalariek, tenisaren tankeran. Hormarik gabeko plaza edo guneetan jokatzen da. «Pilotaren oinarria» hortik datorrela esan zuten antolatzaileek finalen atarian egindako agerraldian. Izan ere, artzainek, esate baterako, zelai eta mendietan jokatzen zuten zuzeneko pilota jokoan. Haren ondoren iritsi ziren gainontzeko guztiak: zestuak, palak eta abar.

Antton Mendizabal Oiartzungo udaleko ordezkariak azaldu zuenez, 36ko gerraren eraginez galdu zen joera zuzeneko pilotan jokatzeko, eta Villabona, Zubieta eta Oiartzunen ari dira berreskuratzen orain. Iparraldean halako gudarik izan ez zutenez, zuzeneko jokoa osasuntsuago dagoela azaldu zuen Mendizabalek; horren erakusle da laxoa modalitatea.

Oiartzungo udaleko ordezkariak esan zuen «etorkizuneko kirola» ere badela zuzeneko pilota jokoa. Izan ere, eskuan min gutxi ematen duen modalitatea da, eta horrek emakumeei «jokatzeko aukera» gehiago ematen die jokoan.

«Pilotaren hiriburu»

Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateak esan zuen «pilotari handien sehaska» dela Azkoitia. Hori aprobetxatuta, lanean jarraitu, eta «pilotaren hiriburu eta bihotz» bihurtu nahi dute herria: «Saiakera horretan ulertu behar da pilotaren federazioarekin egin dugun bidea».

Positibotzat jo zuen alkateak «ohikoak ez diren» modalitateak Azkoitian ikustea, pilota «bere osotasunean eta indar guztiekin» sustatzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide