Azpeitiko Natul euskara taldeak mahai ingurua antolatu du euskararen eta balizko euskal estatuaren arteko harremanaz eta aukerez. Ostegunean, apirilaren 7an, da hitzordua, Sanagustin kulturgunean. Honako hizlariek parte hartuko dute: Lorea Agirre kazetari eta Jakin aldizkariko zuzendariak, Hedoi Etxarte idazle eta Iruñeko Katakrak kulturguneko kideak eta Mikel Irizar Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako zuzendariak. Moderatzaile lanak Irati Sarasua Hamaika Telebistako kazetariak egingo ditu.
Independentziaren inguruko herri galdeketa egingo du ekainean Hitzartu elkarteak, eta Natulek nahi izan du testuinguru horretan «euskararen pisua eta haren aukerak» zein diren lantzea. Internet bidez ere emango dute, eta ikusgai egongo da Erloren, HITZAren, Sanagustinen eta Uztarriaren webguneetan.