EH Bilduren abstenituta onartu dituzte 2016ko udal aurrekontuak Zestoan

Ana Abarisketa 2016ko martxoaren 17a

2016ko udal aurrekontua ia 5 milio eurokoa da. Igogailua egingo dute Idiazpi auzunean, eta zezen plazako harmailak berrituko dituzte. EH Bildu abstenitu egin da bozketan.Astearte iluntzean onartu zituen Zestoako Udal Gobernuak aurtengo udal aurrekontua...

2016ko udal aurrekontua ia 5 milio eurokoa da. Igogailua egingo dute Idiazpi auzunean, eta zezen plazako harmailak berrituko dituzte. EH Bildu abstenitu egin da bozketan.

Astearte iluntzean onartu zituen Zestoako Udal Gobernuak aurtengo udal aurrekontuak. EAJko sei zinegotzien aldeko botoei esker izan da hori; EH Bilduko bost ordezkariak abstenitu egin dira. «Oraindik onartu ez bada ere, Eusko Legebiltzarrean EH Bilduk eta EAJk lortu duten akordioaren arabera, Udal Lege berri bat edukiko dugu, zorionez. Lege horretan 37 eskumen daude, eta horien artean herritarren parte-hartzea azpimarratzen da», argudiatu zuen Mikel Arregi Ertxin EH Bilduko bozeramaileak abstentzioaren berri eman aurretik. Hark aitortu zuenez, azken asteetan udal gobernuaren eta oposizioaren artean izandako gorabeheren gainetik, «garrantzitsuak» dira aurrekontuak «udalaren jarduerarako», eta bai «herritarrentzat» ere. Josetxo Mendizabal alkateak (EAJ) eskerrak eman zizkien koalizioko ordezkariei hitz horien ostean.

Zestoako 2016ko udal aurrekontu orokorra 4.989.587 eurokoa da. Inbertsio nagusiei dagokionez, honakoak izango dira: Idiazpiko igogailuaren proiektua hasteko 145.000 euro; baserri bideak txukuntzeko,76.200 euro; edota zezen plazako harmailak berritzeko, 120.000 euro.

Joan den otsailean hasi ziren Idiazpi auzunean pasabide bat eraikitzen. Hortik gertu, Portale kalera igoko den igogailua egin nahi dute udalekoek. Orain ari dira proiektua garatzen, eta obrak urte bukaerarako hastea aurreiskusita dute. Bi urtez luzatuko dira lanak; beraz, datorren urteko aurrekontuetan ere bideratuko dute beste diru kopuru bat horretarako. Bi baserri bide ere txukundu nahi ditu udalak: Genaro eta Errota bideak dira horiek, hain justu.

Tentsioa batzarrean

Udal aurrekontuen bozketan EH Bildu abstenitu egin bazen ere, tentsio handiko udalbatzarra izan zen asteartekoa.

EH Bilduko bozeramaileak eman zuen azken hilabetean bi taldeen artean gertatutakoaren berri. Azaldu zuenez, EAJk honako proposamena egin zion koalizio abertzaleari: Sozioekonomia batzordea sortzea udalean, eta Turismo eta Merkataritza taldea ere batzorde horretan txertatzea; lehendakaria EH Bilduko Aitor Zuzuarregi izango litzateke. Proposamen hori onartu eta 2016ko udal aurrekontuei babesa erakusteko bi baldintza jarri zituen koalizioak: batetik, alokairu sozialerako bideratutako diru partida jartzea, 40.000 eurokoa; bestetik, hondakinen bilketa sisteman akordio batera iristea.

«Akordioa aurrekontuetara txertatzeko egin genuen azken bileran hartan ohartu ginen, alkateordeak aurretik egindako bilera horietaz ez zekiela ezer, eta esan zitzaigun akordio hori ez zela posible», jakinarazi zuen Arregik. «Ez dakit alkatea gezurretan ari zitzaigun edo, agian, bere etxean ere gezurretan ibili ote zen», gehitu zuen. Bilera hura bertan behera gelditu zen.

Gero, handik egun batzuetara, EAJk idatziz pasatu zion bere proposamena EH Bilduri, hiru puntu nagusi nabarmenduz txostenean: alokairu sozialerako 30.000 euro bideratzea, Sozioekonomia batzordea koalizioak kudeatzea, eta 2017ko martxoaren 1a aurretik hondakinen bilketa sistema aldatzea. EH Bilduk herri batzarrean adostu zuen proposamena ez onartzea.

Mikel Arregik azalpenak eskatu zizkion herenegun EAJri: «Alkate batek zerbait eduki behar badu, erantzunkizun politikoa da hori. Ez dakit bere alderdiarekin nolako harremana duen, baina zerbait somatzen dugu: arazo bat duzue benetan».

Mendizabalek azaldu zuenez, «interpretazio arazoak» izan zituzten bi taldeen artean. Arregik berehala moztu zion esanez «gezurrak» ez zizkiola onartuko.

Gardentasun gehiago

Batzarraren bukaeran EH Bilduk hartu zuen hitza beste behin, oraingoan udalak ematen dituen diru laguntzez azalpenak eskatzeko: «Kezkatuta gaude diru laguntzak oso era arinean kudeatu direlako; ez dira inongo batzarretatik pasatu. Prozedura aldetik, diru laguntzak emateko, adostasun batek egon beharko luke».

Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak autobus zerbitzuetan egindako aldaketen aurrean EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartu zuten. Elgoibar, Eibar eta Ermuarekin dauden loturak kendu izana gaitzetsi zuten. Hala, proposamen bat lantzekotan gelditu ziren bi aldeak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide