«Kasulitatea da nik erronkan parte hartzea. Orain hiru aste Urbieta aipatu nuen txio batean, entrenatzen inor ez dabilela esanez. Erantzun zidan nik ez nukeela denbora hamabi minututik jaitsiko. Baietz esan nion nik, eta halaxe eman zidan izena apustuan. Nire helburua, beraz, hamabi minututik jaistea izango da, ez bainaiz gai ikusten hamar minutu baino gutxiagoan egiteko. Errepidean egin ohi dut lasterka, baina hau izango da nire lehen esperientzia mendian. Azken asteetan, dezente ibili naiz mendian, eta serie motzak egin ditut entrenatzeko.
Ibilbidea nahiko argi dut, ez badut azken unean ideiaz aldatzen, behintzat. Zuzeneko bidea hartuko dut, baina hasieran bihurgune bat egingo dut, eta zuzenean bukatuko dut. Entrenamenduetan jaisten dut hamabi minututik, beraz, espero dut Txetxurekin dudan apustu hori irabaziko dudala, okerrik ezean.
Aise jaitsiko dute denbora hamar minututik ondo ibiltzen direnek. Sumatzen da beste proba batzuk baino oihartzun handiagoa izan duela honek. Plan polita da proba ikustera joatea ere».