Sustrai bereko enborrak

'amama' 2015eko urriaren 22a

Lapiko granate hura, Jesus Nazaretekoaren egutegia, herdoildutako ekonomika zaharra, bere hiru eraztunekin, eta amama irratiaren ondoan, arratsaldeko Arrosario Santua entzuten, Arrate Irratian. Etxea, etxebizitza eta lantegi; eta lana, bizimodu. «Bizi...

Lapiko granate hura, Jesus Nazaretekoaren egutegia, herdoildutako ekonomika zaharra, bere hiru eraztunekin, eta amama irratiaren ondoan, arratsaldeko Arrosario Santua entzuten, Arrate Irratian. Etxea, etxebizitza eta lantegi; eta lana, bizimodu. «Bizitzeko modu bat eta munduan egoteko modu bat bukatzen ari da, eta kamera jarri nahi izan diot horri, baserriko jendeari omenaldi bat egiteko», azaldu zuen Asier Altuna Amama filmeko zuzendariak Azpeitiko aurkezpenean.

Ez du lan makala egin «munduan egoteko modu» hura irudikatzeko, baserriaren argazki bikaina egin baitu, baserriarena eta familiarena. Pelikulak islatzen du baserriko zenbait familietako eta nabarmendu nahi nuke zenbait hori giroa eta giro eza. Komunikatzeko gabeziak eta isiltasuna. Beste behin, isiluneek asko hitz egin dute, eta hamaika esanahi hartu dituzte. Ez ziren eta dira, jakina, halakoak basetxe denak, baina estereotipoetatik haratago, ikuspegi erreala da Altunarena.

Tomasen paperean, Kandido Uranga da filmeko izar handia. Etxeko gizona da, egiten duen eta egiten ez duen guztiarekin; lanean, hizketan, ibileran eta bizimodua ulertzeko eran. Une jakin bat arte, aitak markatuko du pelikulan zer gertatuko den eta nola, bizi-eredu baten jarraipena xede. Kostatuko zaio, ordea, ikustea baserria orain artean bizi eta sentitu izan duten bezala bukatu dela, ez duela jarraipenik. Kostatuko zaio onartzea soka eten dela, nahiz eta belaunaldi berriek aurrera egingo duten. Bukaera gordina gertu ikusten du Tomasek. Arbasoen lana eta baserriaren irudi erromantikoa daude kolokan.

Belaunaldien arteko haustura horrek egiten du filma egiazko eta nazioarteko. Baserrian kokatu du gaia Altunak, «baserriko semea» delako bera, baina gauza bera gertatuko zaio belaunaldiz belaunaldi komertzio bat mantendu duen familiari edo arrantzale gisa itsasoa ogibide izan duten familia andanei. Horrekin lortuko du Altunak guztion bihotza ukitzea eta hunkitzea.

Amamak, berriz, patxadatsu begiratzen dio semeari, eta ez dakigu zer duen buruan, baina guztia ulertzen du. Baserrietako zaindari isila, baina beti presente dagoena da Juliana.

Alabaren errelatotik abiatu da Altuna Eitzeta baserriko gorabeherak kontatzeko, eta bizitza ikusteko eta sentitzeko moduak erakusteko. Amaiak erritmoa, kolorea eta irudimena emango dio istorioari. Haren gogoan, bi anai eta ama, norbere munduarekin, egungo gizarte ereduaren isla eta ispilu.

Fantasiarekin samurtu du lana Altunak, eta errelatoari arnasa eman dio. Zuhaitzei ere bizia eman die. Sustraiei helduko diete belaunaldi berriek, enbor eta adar desberdinak sortuko dituztelako, gaur eta bihar. Jarraituko dute izaten sustrai bereko enborrak. Saihetsezina da Oteizaren 80 amonen soka haustea. Amaiarekin, amaiera. Amamaren etxearen amaiera. Bai, behintzat, orain artean ulertu dugun bezala.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide