Euskal Herriko Mendi Duatloi zirkuituan lehiatzen dabil azkoitiarra 25 urtez azpikoetan. Hamabost lasterketa dira guztira, eta sailkapen orokorrean lehen postua lortu nahian dabil.
Pasa den larunbatean garaipena lortu zuen Ander Zubizarretak Amurrion jokatutako 25 urtez azpiko Euskal Herriko Mendi Duatloi lasterketan. Urteak daramatza lehian gazte azkoitiarrak, «probatzen», eta ez du gelditzeko asmorik.Mendi duatloi lasterketetan lehiazen zara. Zenbat lasterketatan parte hartu duzu?
Euskal Herriko Mendi Duatloi zirkuitua hamabost lasterketak osatzen dute. Pasa den larunbatekoa Amurrion ospatu zen, eta 25 urtez azpikoen artean aurreneko postua lortu nuen. Sailkapen orokorrean, berriz, seigarren bukatu nuen.
Zeintzuk dira laskerketa mota honen ezaugarriak?
Amurrioko lasterketan, esaterako, zazpi kilometro pasa korrika egin genituen. Errepidea gutxi ukitu genuen, batez ere mendian ibili ginen-eta. Gero, zortzi kilometroko zirkuitiari bi buelta eman genizkion bizikletaz. Bukatzeko, beste bi kilometro pasa korrika egin genituen.
Zirkuitua osatzen duten hamabost lasterketetan parte hartzeko asmoa al duzu?
Hamabost proba horietatik zazpi lehiatu dira orain arte. Horietatik guztietatik bakarrean huts egin nuen, lehenengoan. Gainontzeko guztietan parte hartu dut, baina batean arazo mekanikoak izan nituen bizikletarekin, eta erretiratu beharra izan nuen.
Errepidean lehiatzen diren duatloiak baino gogorragoa al da mendikoa?
Desberdinak dira, baina mendikoa gogorragoa dela esango nuke, bai. Azkenean, norberak jartzen dio gogortasuna probari.
Bakarrik joaten al zara lasterketetara?
Bai, neu bakarrik joaten naiz. Azkoitiko Duatloi Taldean nago, baina bakarrik ibiltzen naiz probetan.
Ez da, beraz, herrian beste inor zure parera ibiltzen denik.
Jendeak nahiago du futbolean edo beste edozertan ibili.
Disfrutatzeko betarik ba al da probetan?
Gustatzen zaigun zerbait da eta horretarako entrenatzen dut, ahal den ondoen egiteko. Bestela, ez ginateke horrela ibiliko. Lasterketetan sufritzen da, noski, baina emaitza ona lortutakoan asko disfrutatzen da.
Noiz hasi zenuen bide hau?
Orain dela hiru urte hasiko nintzen gutxi gorabehera, hogei bat urterekin.
Aurretik ibilitakoa al zinen?
Hamasei bat urterekin hasi nintzen korrika, Xeye taldearekin. Aurretik igerian ibili nintzen hamabi bat urte egin arte.
Nolako entrenamendu saioak egiten dituzu?
Normalean bost egunez entrenatzen dut, beste batez lehiatu eta zazpigarren eguna atsedena hartzeko izaten da. Gogoaren araberako entrenamenduak egiten ditut.
Nolatan hasi zinen duatloietan parte hartzen?
Bizikleta betidanik gustatu izan zait, eta korrika bakarrik egiteaz nazkatuta nengoenez, probatzen hasi nintzen. Probatzen-probatzen, gustua hartzen joan naiz eta, orain, ikusiko dugu noraino heltzen naizen.
Ba al duzu helburu zehatzik epe laburrera begira?
Sailkapen orokorrean aurreneko postuan jartzea nahiko nuke datorren larunbatean, zirkuitua amaitu arte lehen postuari eutsi ahal izateko.