Gerdauk salgai jar dezake filiala eta Azkoitiko lantokia kaltetuen artean egongo litzateke. Enpresak ez du ezer baieztatu. Sindikatuek informazioa eskatu dute.
Frantziako Le Republican Lorrain egunkariak pasa den astean argitarau zuen Gerdau multinazional brasildarrak salgai jarri duela Sidenor filiala. Lantegi horien artean dago Azkoitiko Gerdau ere. Albistea baieztatzeaz, honako udalerrietako lantokiei eragingo lieke: Basauri (Bizkaia), Gasteiz eta Azkoitia. 1.500 langile ditu Gerdauk Euskal Herrian, eta 360 inguru Azkoitian.Eusko Jaurlaritzako eta diputazioetako ordezkariak harremanetan daude Gerdauko hemengo zuzendaritzarekin. Hala ere, Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuak egindako azken adierazpenetan azaldu zuen erakundeak ez duela jaso informaziorik, baina berria baieztatuz gero, baliabide guztiak jarriko lituzketela egoera konpontzeko. Multinazionalak Sidenor filiala saltzea erabakiko balu, Espainiako Estatuan dituen 10 lantegiei eragingo lieke.
2005ean erosi zuen Gerdauk orduko Sidenor, 444 milioi euroren truke. Operazioan parte hartu zuten Santander bankuak (akzioen %40) eta Sidenorreko orduko buruek (%20). Orduz gero, ordea, altzairutegiaren akzio guztiak Brasilgo enpresaren esku geratu dira. Uztailean Azkoitiko Gerdauko zuzendaritzalan hitzarmen kolektiboa sinatzeko aurreakordiora iritsi zen, enpresako gehiengo sindikala osatzen duten CCOO, UGT eta USOrekin. ELAk eta LABek gogor salatu zuten aurreakordioa.
Sindikatuak, kezkatuta
Sindikatuek ostegunean izan zuten albistearen berri, eta erreakzioak berehala hasi ziren. ELAk, esaterako, Gerdau taldeari eskatu dio albistea egia ala gezurra den esateko: «Europako Gerdauren lantegiek ez dute zertan ordaindu taldearen Brasilgo krisia. Hemen azken urteetan etekin handiak lortu dituzte, lehiakorrak dira eta balio handiko langileek dihardute». Euskal Herriko fabriketako langileek «murrizketa handiak» jasan dituzte azken urteetan, «eta dena, lantegien etorkizuna bermatuko zelakoan», ELAren esanetan.
LAB sindikatuak salatu du «onartezina» dela Gerdau bezalako multinazional batek «langileekiko erakutsi duen mespretxua». Hala, zuzendaritzari «gardentasuna» eta langileekiko «errespetua» eskatu dio, eta beharrezkoa den informazioa eman dezala.