Bilerak egiten ari da aldundia eskualdeetan, diru partidetan aldaketak egongo direla jakinarazteko. Prozesuan parte hartu duten herritarrek aukeratutako proiektuak kolokan daude.
Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramale eta Gobernantza eta Komunikazio diputatu Imanol Lasa eskualdez eskualde ari da bilerak egiten aurreko agintaldian EH Bilduk martxan jarritako partaidetzazko aurrekontuen partidan aldaketak egingo dituztela jakinarazteko. Urola Kostan eta Debagoienan, besteak beste, egin dira batzarrak jada; Goierrin, esaterako, datorren ostegunerako daude deituta eragileak.Azkoitiko Udalak zabaldutako prentsa oharrean jakinarazi duenez, Zestoa, Azpeitia, Azkoitia, Beizama eta Errezilgo udal ordezkari eta eragileek pasa den ostegunean egin zuten Urola Erdiko batzarra, Azkoitiko Elkargunean. Bileran azaldu zuen Lasak «ahuleziak» ikusten dituela orain aldundiak. Udalaren prentsa oharrak Lasaren honako gogoeta jasotzen du: «Gipuzkoan 360 lagunek hartu dute parte, baina 20 milioi euroko aurrekontu bat 360 pertsonek bakarrik erabakitzea gehiegizkoa iruditzen zaigu».
HITZAk partaidetzazko aurrekontuen «ahuleziak» zeintzuk diren galdetu dio aldundiko bozeramaileari; Lasaren iritziz, «hauteskunde garaian martxan jarritako prozesua» izan zen hura. «Bilera asko egin ziren, baina oso jende gutxik parte hartu zuen». Irailean eragileekin bilerak egin zituela dio Lasak, eta ondorioa argia izan zela: «Prozesu parte-hartzaileak ez zuen markatutako helburua betetzen». Era berean, esan du 20 milioiko partida ez zegoela aurreikusita.
Parte hartzea lantzea
Arantza Ruiz de Larrinaga aldundiko Parte Hartze zuzendaria izan zen pasa den agintaldian. HITZAri azaldu dio parte hartze proiektua 2013an sortu zela Urola Erdian esperientzia pilotu gisa, Batzar Nagusietako talde politiko guztien babesa lortuta. Baina onartu du zailtasunak egon direla: «Konturatu ginen horrelako prozesuak ez direla batere errazak, herritarrei aurrekontuetan parte hartzeko gaitasuna dutela azaldu behar zaie, eta tabu asko hautsi behar dira. Guk herritartasun eskola bezala planteatu izan ditugu partaidetzazko aurrekontuak; urtero landu behar direnez, erakundeek nola funtzionatzen duten lantzen delako herritarrekin».
Aurten, Gipuzkoa osora zabaldu zuen aurrenekoz prozesua EH Bilduk, eta garapen agentzietako teknikoek, udalek eta gainerako erakundeek euren proposamenak egiteko aukera izan zuten. Zonalde bakoitzari bi milioi bideratzea erabaki zuten 4 milioi euro guztira Urola Kostan agintaldi berriko lau urteetan proiektu estrategikoak gauzatzeko.
Prozesuan parte hartu duten herritarrek egindako proposamen horiek diputazioak aurkeztu beharko lituzke orain, urrian, gero, Batzar Nagusietan 2016ko aurrekontuetan onartzeko. «20 milioi euro horiek datozen lau urteetan kudeatzeko dira, urteko 5 milioi. Aldundiak, guztira, 650 euroko partida izaten du urteko», esan du Ruiz de Larrinagak.
Parte Hartze zuzendariak azpimarratu du prozesuan egotera guztiak zeudela gonbidatuta: «360 lagun horien atzean erakunde, udal eta eragileak daude, ez da zenbaki huts bat. Gakoa herritarrak parte hartzera ohitzea litzateke, bat-batean kontrako joera hartu beharrean», iritzi dio.
Diputazioaren ustez, berriz, ez da zilegia pertsona kopuru horrek hartzea erabakiak. Dena dela, ez dute zehaztu proiektu horiek baztertu egingo dituzten, ala txertatu egingo dituzten aurrekontu orokorrean, parte hartzeko partidatik kanpo.