Eskualdeko itsasontzi gehienek amaitu dute hegaluzearen kanpaina. Arrantzaleak gustura dira udako kanpainak eman duen emaitzarekin; «ondo harrapatu» dela adierazi dute
Astea hastearekin batera eskualdeko arrantzaleek sardinaren kanpaina abiatu dute; kainaberak alde batera utzi, eta sarea hartu dute. Horrela, gehienek amaitutzat eman dute hegaluzearen kanpaina. Getariako Kofradiako idazkari Josu Ezenarrok azaldu duenez, «itsasontzi gehienak sardina arrantzatzen hasi dira dagoeneko», baina badira oraindik hegaluzearekin jarraituko dutenak ere. «Badago hegaluzea itsasoan, eta hori arrantzatzen jarraituko dute zenbait egunetan».Oro har gustura dira arrantzaleak hegaluzearen kanpainak eman duen emaitzarekin. «Ondo harrapatu dela esan daiteke, ez da suziriak botatzeko urtea izan, baina ezta txarra ere». Prezioa ere ohikoa izan dela zehaztu dute, «batez besteko baten barruan sartu da, nahiko ondo joan da».
Dena dela, aurtengo hegaluzearen kanpainak izan du berezitasunik. «Gauza bitxiak ere gertatzen dira itsasoan. Guk hegaluzea karnata biziarekin eta kainaberarekin harrapatzen dugu; hegaluzea aurkitu dugu itsasoan, baina ez zuen arraina jan nahi izaten, eta harrapatzea zaildu digu».
Sardinaren kanpainak historikoki eskualdeko arrantzaleentzat interes gehiegirik izan ez badu ere, azken urteetan garrantzia hartzen ari da pixkanaka. «Abendu hasiera arte jardungo gara sardina arrantzatzen. Urtero-urtero garai berean iristen da. Normalean ura hozten denean gerturatzen da kostaldera, Landak ingurura». Urola Kostako arrantzaleek arrantzatzen duten sardinaren %95 Frantziako kostaldean arrantzatzen dute, etxetik 5-7 ordura. «Orain hasiera da, eta egia da momentuan ez dagoela gehiegi, baina asteak pasa ahala gehitzen joango da», zehaztu du Ezenarrok.
Astelehenetik ostiralera
Sardinaren kanpainarekin, arrantzaleen egunerokoa ere aldatu egingo da hegaluzearen kanpainako martxarekin alderatuz. Izan ere, hegaluzearen kanpainan 7-10 eguneko mareak egiten dituzte arrantzaleek. «Sardinetarako sarea hartzen dutenean, berriz, desberdina izaten da martxa. Gauean arrantzatzen dute, egunez portura etortzen dira deskargatzera, eta berriz ere itsasora ateratzen dira. Astelehenetik ostiralera egiten dute hori, eta asteburuan atseden hartzen dute».