Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa abian da, eta dagoeneko erabakita dago nortzuk abestuko duten final laurdenetan. Urriaren 24an hasiko dira final laurdenak, Urretxu-Zumarragan. Hilaren 31n izango da, berriz, Zestoako saioa, herriko kiroldegian, 21:30etik aurrera. Eskualdeko lau bertsolari lehia- tuko dira nor baino nor saio horretan: Eneritz Artetxe azkoitiarra, Nahikari Gabilondo zarauztarra, Jon Maia zumaiarra eta Jokin Uranga azpeitiarra. Haiez gain abestuko dute Alaia Martin oiartzuarrak eta Manex Mujika donostiarrak.
Dagoeneko eros daitezke Zestoako saiorako sarrerak, www.bertsosarrerak.eus webgunean. 11 euro balio dute sarrera arruntek, zortzi euro bazkideenek eta lau euro, berriz, gazteen txartelek.
Eskualdekoen saioak
Eskualdeko gainontzeko bertsolariek honako saioetan abestuko dute. Errenteriako saioan, hilaren 25ean, abestuko du Iñaki Gurrutxaga oriotarrak eta Iñigo Mantzisidor Mantxi zarauztarrak. Azaroaren 1ean, Felix Zubia zarauztarrak Ormaiztegin kantatuko du. Azaroaren 8an, Eskoriatzako oholtzara igoko da Beñat Lizaso azpeitiarra.
Behin saio horiek bukatuta, finalerdiak jokatuko dituzte Zarautzen, azaroaren 22an, Tolosan, azaroaren 29an eta Eibarren, abenduaren 6an. Finala Donostian izango da. Abenduaren 20an zen egitekoa, baina data aldatu behar izan dute, eta ez dute zehaztu oraindik noiz egingo duten.
Lehiatik kanpo hiru oriotar
Jon Maiak Beasaingo saioa irabazi zuen, Beñat Lizasok Lasarte-Oriakoa, Felix Zubia Arrasaten izan zen onena eta Jokin Uranga, Andoainen. Beraz, sailkatu diren eskualdeko zortzi bertsolarietatik lauk irabazi dituzte final zortzirenetako saioak.
Final zortzirenetan kanpora gelditu dira Xabier Sukia, Ibai Esoain eta Egoitz Eizagirre oriotarrak.