VII. Zezen Beltz Asteburua ospatuko dute hilaren 24an eta 25ean, Azpeitian. Zenbait berrikuntza daude aurten egitarauan, esate baterako, animalien erakusketa egingo dute igandean, plazan.
Zezen Beltzen asteburua ospatuko dute urriaren 24an eta 25ean, eta kuadrillen arteko zezen jolasen Grand Prixa antolatu dute larunbaterako, hilaren 24rako. Kuadrillek ikuskizunean parte hartzeko aukera izango dute, eta elkarren aurka lehiatuko dira.Dagoeneko 24 pertsonek eman dute izena lehiaketan, neska zein mutil, eta Zezen Beltzeko kideek herritarrak animatu nahi dituzte parte hartzera. Joan den urtean, bisitariak lehiatu ziren, batik bat, Grand Prixen. Lehen urtea zen, eta antolatzaileen arabera, hasieran «kostatu» egiten da jendea animatzea. «Aurten, hori herrira zabaldu nahi izan dugu», azaldu du Mikel Odriozola Zezen Beltzeko kideak.
Puzgarriak, jokoak, eragozpen euskarriak, ginkana, bola handiak eta abar izan zituzten lehen urtean, eta aurten ere zazpi proba prestatu dituzte: hiru zezenekin egiteko, eta lau, zezenik gabe. Dagoeneko izena eman daiteke info@zezenbeltz.com helbide elektronikora mezua bidalita. Joan den urtean bezala, lehiaketaren ostean, zezen txikiak egongo dira umeentzat. Probak ikustera joan nahi dutenek ere izango dute horretarako aukera, hiru euroren trukean.
Igandean ere berrikuntzak txertatu dituzte Zezen Beltzeko kideek. Animalien erakusketa egingo dute plazan, eta arraza bitxiak egongo dira ikusgai. 20 animaliatik gora ekarriko dituzte Aiako baserri batetik. Haien artean, bufaloak, llamak, alpakak, ardi bereziak eta abar. Igande goizean zehar egongo dira animalia guztiak plazan.
Sokamuturra, iruditan
Estreinekoz, Azpeitiko sokamuturreko irudi zaharren eta Zezen Beltzek antolatutako ekintzen argazki eta bideoak jarriko dituzte ikusgai, asteartetik igandea bitartean. Sanagustin kulturguneko pantailetan jarriko dituzte.