Ostiralean inauguratu zuten eraikina, eta ekitaldian izan ziren, besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakaria, Josetxo Mendizabal alkatea eta Jon Darpon Osasun sailburua.
Zestoako anbulatorio berria gaur hasiko da martxan, ostiraleko inaugurazioaren ostean. Josetxo Mendizabal alkateaz gain, Jon Etxeberria Osakidetzako zuzendaria, Jon Darpon Osasun sailburua eta Iñigo Urkullu lehendakaria izan ziren hasiera ekitaldian. 3.600 herritarrentzat prestatu dute osasun zentroa, Euskal Herria plazan, lehengo osasun etxetik gertu, eta 552 metro koadro ditu eraikinak. Zentro zaharrak 172 metro koadro zituen. Urkulluk jakinarazi zuen 599.779 euroko inbertsioa egin dutela, «zestoarrentzat eta langileentzat hobekuntzak txertatzeko». Irisgarritasuna eta erosotasuna areagotu dituztela jakinarazi zuen, eta nabarmendu zuen guneak egokitu egin dituztela «sendaketa probak egiteko eta mugikortasun murriztua duten pertsonak hobeto artatzeko». «Hau da osasunarekin dugun konpromisoaren beste froga bat», adierazi zuen lehendakariak.Elkarlanaren emaitza
Josetxo Mendizabal alkateak eskerrak eman zizkien aurreko bi agintaldietan osasun zentroa abian jartzeko lana egin zuten pertsonei, eta ahotan izan zituen Alazne Olaizola eta Leire Etxeberria alkate ohiak, baita lagundu dieten politikariak eta teknikariak ere. «Elkarlanean jardun dugu gogo handiz, eta adibide gisa nahi dugu jarri elkarlan hori. Esan nahi dugu elkarlanak ondorio onak dituela beti herriarentzat», iritzi zion.
«Amets luze batetik esnatzea bezala izan da osasun etxe hau inauguratzea», adierazi zuen alkateak. Zestoarrei eta herritik pasatzen direnei anbulatorioa eskaintzea «ohore handia» dela esan zuen Mendizabalek. «Oso modernoa da zentro berria, XXI. mendekoa», azaldu zuen, eta aurrera begira, Darponi zein Urkulluri eskatu zien espezialitate batzuk Zestoara eramateko.
Bestalde, Osasun sailburuak esan zuen beraien helburua dela «antolamendu berri bat» martxan jartzea, «herritarren osasuna hobeto zaintzeko». Osakidetzako zuzendariak ere jakinarazi zuen egitura berriak sustatzen jarraituko dutela. Guztiek aipatu zituzten langileak, eta esan zuten haiei esker dela ona Osakidetzaren funtzionamendua. Langileen balditzak ere hobetu dituela esan zuen Mendizabalek: «Langileek baldintza hobeak izanda, pazienteentzat ere askoz hobea izango da zerbitzua».