'Mañana cuando me maten' liburua idatzi du Fonsecak, frankismoaren azken fusilamenduen kontakizuna egin asmoz. Aditua da kazetaria memoria historikoaren esparruan.
Mañana cuando me maten [Bihar, hiltzen nautenean] liburua aurkeztu berri du Carlos Fonsecak (Madril, Espainia, 1959), frankismoaren azken fusilamenduen inguruan. Angel Otaegi eta Juan Paredes Txiki-ren hilketen kontakizuna egin du, FRAP-eko hiru kideenekin batera. Irailaren 27an izan zen fusilamenduen 40. urteurrena, eta data horietan plazaratu zuten obra. Kazetaria eta idazlea da Fonseca, eta hainbat hitzaldi eskaini ditu kazetaritza eta memoria historikoaren inguruan. Seigarren liburua du hau.Zer generotan kokatzen duzu lana?
Irakurle bakoitzak nahi duen generokoa izan daiteke: narrazioa, nobela, saiakera... denetik esan didate. Nik esango dut kazetaritza narratiboa dela. Nire helburu bakarra izan da garai hartan gertatu zena kontatzea, fusilatu zituzten bost pertsona horietan oinarrituta.
Kontaketa hori egiteko, zer iturri erabili dituzu?
Bi hanka ditu liburuak. Bat dokumentala da. Hori osatzeko hiru prozedura judizial kontsultatu ditut; hiru soilik, laugarrena, Otaegirena, desagertu egin zela esan zidatelako. Gero, haren familiak esan zidan beraiek izan dutela sarbidea sumarioaren zati batera. Dena dela, ezin izan dut dokumentua erabili libururako. Bestetik, biktimen familien eta lagunen lekukotzak bildu ditut.
Zailtasunak izan dituzu informazioa lortzeko eta lantzeko?
Bai, Memoria Historikoaren Legeak herritarrek dokumentaziora sarbidea izatea bermatu nahi badu ere, hori ez da betetzen. Izan ere, Ondare Historikoaren Legeak traba ugari jartzen dizkie idazle eta historialariei lana behar bezala egiteko. Ustez, estatuaren ohorea eta irudi ona mantentzeko egiten da hori. Adibidez, FRAP-eko kideen familien baimenarekin izan nuen sarbidea hiru gizon haien auzietara, baina zentsuratuta zeuden; informazio asko zegoen zirriborratuta eta hondatuta. Datu asko galdu ditugu: abokatuen hitzak, lekukotzak, sinadurak eta abar. Hala ere, harremanetan jarri naiz oraindik bizirik dauden abokatuekin; eta, zorionez, haiek ere lagundu didate.
Liburuaren aurkezpenean fusilatuen familiako kideekin izan zinen. Zer ekarpen egin diete historiaren kontakizunari?
FRAPeko kide Ramon Garcia Sanzen familiarekin izan ezik, beste guztiekin bildu naiz. Garcia Sanz umezurtza zen, eta bere anaia ospitalean zegoen hil zenean: bakarrik gelditu zen. Familia eta lagunen aldetik babesa eta erraztasuna besterik ez dut jaso. Gainera, beraien kolaborazioa beharrezkoa izan da kontakizunerako. Historialari askok ez dituzte erabiltzen pertsonen errelatoak, subjektiboak direlako, sentimenduetatik abiatuak. Hala ere, uste dut aberasgarria dela beraien ikuspuntua, alde humanoak, sentimenduek, obra janzten dutelako.
Mañana cuando me maten, izenburu esanguratsua.
Che Guevararen olerki baten hasieraren aldaera da izenburua, hura izan zuen ahotan Txikik fusilatua izan aurretik. Horrekin batera, erreferentzia egiten diot FRAPeko kide batek gurasoei idatzitako gutun baten hasierari: «Aita, ama, hil egingo naute bihar goizez». Txikiren esaldia oso ondo zetorkidan liburua ilustratzeko, borobila da zentzu guztietan.
Halako beste erreferentziarik erabili al duzu liburuan?
Asko erabili ditut gutunak. Humberto Baenaren asko ditut, arrebak maitasun handiz gordetzen dituelako guztiak. Sanchez Bravoren eskutitzak ere jaso ditut, eta Txikiren testamentua ere ikus daiteke liburuan. Hark Bartzelonako notario batekin egin zuen testamentua, fusilatua izan baino ordu batzuk lehenago.
Heriotza horiek epaiketa egin aurretik erabakita zeudela defendatzen duzu zuk, beste historialari batzuek bezala.
Epaiketak irregulartasun asko izan zituen, beraz, honako sentipena dugu: gutxi inporta izan zuten epaiketako probek eta esandako guztiak, erabakia hartua baitzegoen lehendik. 11 pertsona zeuden heriotza zigorrera kondenatuta, eta ministroen kontseiluak indultua eman zien seiri; bost hil zituzten, beraz. 1978ko konstituzioan, bertan behera utzi zuten heriotza zigorra.
1975ean makina bat protesta izan ziren nazioartean. Nola bizi izan zenuen hori Madrildik?
16 urte nituen, eta oroitzapen lauso samarra dut. Uda hartan Frantzian nengoen: errefuxiatu ekonomikoak genituen familian, eta aiton-amonekin joan nintzen haiek ikustera. Hango protestak bizi izan nituen nik, Parisen asko mugitu zen jendea.
2012ra bitartean ez zituzten ofizialki onartu biktima gisa frankismoaren azken fusilatuak. Gaur egun, oraindik egiten al da banaketa biktimen artean?
Uste dut hori gainditzen ari garela. Gainera, gizartean nahikoa onartua dago biktima guztiek berdinak izan behar dutela. Erakundeetatik ere ikusten dut lan handia ari dela egiten Aintzane Ezenarro Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza idazkaria, esate baterako. Bide horretan jarraitu behar dugu lanean, politikariek eta gizarteak, ez dadin egon lehen mailako edo bigarren mailako biktimarik.
Espainiako estatuaren jarrera nola ikusten duzu?
Egia da ez direla berdin landu kolektibo guztien memoriak. Adibidez, frankismoaren azken etapa ia ahaztuta dago. Kolokan dugu memoria historikoaren inguruko lan sakon bat herrialde honetan, eta Eusko Jaurlaritzak egin duen bezala, ezin du desberdina izan estatuaren bideak.
Liburu hau kontsultarako materiala izango da hemendik aurrera. Garrantzia handia eman izan diozu zure ibilbidean memoria historikoari.
Bai. Ez da nire lehen liburua historiari eta biktimei buruz, baina hau da trantsiziora gehien gerturatzen dena. Argi dut, memoria historikoarekin zorretan jarraitzen dugu. Sinetsarazi digute iraganean miatzeak zauriak irekitzen dituela; ezer ez egiteko aitzakia gisa erabili dute argudioa. Ez dizkigute zauriak irekitzen, ixten laguntzen digute.
Ahanzturaren aldeko apustua egin al da Espainiako gobernutik?
Ahanztura nagusi izan da urteetan Espainian. Memoria Historikoaren Legea onartu zutenean, anbizio handiagoa izango zuela uste genuen, baina eskuinaren jarrerarekin PSOEk ere atzera egin zuen, eta lege hori besomotza eta herrena jaio zen. Frankismoaren biktimen aldarrikapen nagusia izan da urteetan, eta ez da benetan kontuan hartu.
Etorkizunera begira jarri, eta baduzu itxaropenik?
Nire itxaropena da gobernua aldatzea abenduan. Oraindik ere memorioa historikoaren gaia ezkerreko taldeen programetan dagoen aldarrikapena dela uste dut, beraz, aldaketa politikoa soilik da gakoa.