Irailaren 16an ekin zion Aritzbatalde kiroldegiak ikasturte berriari, eta inoizko daturik onenak izan ditu hasiera horretan: 87 ikastaro antolatu dituzte eta 1.321 lagunek eman dute izena. Hala ere, jakinarazi dute oraindik ere ikastaro jakinetan toki librea geratzen dela.
Aretoetako ikastaroen artean, hipopresiboak (astelehen eta asteazkenetan, 09:15-10:05 bitartean), soinpilates (astelehen, asteazken eta ostiraletan, 08:00etan), spintonif (astearte, ostegun eta ostiraletan, 09:15ean), spinning (larunbatetan, 09:15ean) eta total training-en (astelehen eta asteazkenetan, 18:00etan) eman daiteke izena. Lehenbiziko ikastaroarekin, zoru pelbikoa indartu daiteke, besteak beste; bigarrengoak, sasoian mantentzeko ariketak eta pilatesa uztartzen ditu; hirugarrengoak, spinning eta tonifikazioa; laugarrengoarekin, larunbat goizetan bizikleta saioarekin gorputza piztu eta indartu daiteke eta azkenengoak, berriz, entrenamendu sistema berritzailea eskaintzen du, gorputza funtzionalitate eta osasun ikus- pegitik lantzeko.
Igerilekuko ikastaroei dagokionez, honakoetan dago tokia: akuafitness (astelehen eta asteazkenetan, 15:30-16:15 bitartean zein astearte eta ostegunetan, 20:30-21:15 bitartean), akuarelax (astearte eta ostegunetan, 11:00-11:45 bitartean) eta helduentzako igeriketa ikastaroetan. Lehenbiziko mailakoek—igerian ez dakitenek— astelehen, asteazken eta ostegunetan, 10:00etatik 10:45era zein astelehen, asteazken eta ostiraletan, 19:30etik 20:15era izango dituzte eskolak; bigarren mailakoek—igerian jakin bai, baina teknika falta dutenek—, berriz, astearte eta ostegunetan, 20:15-21:00 bitartean.
Akuatfitnessak gorputza indartzen zein pisua galtzen laguntzen du, eta akuarelax-ek, berriz, estresa kanporatzen eta gorputza zaintzen, biak ala biak inguru lasaigarrian. Azken hori lesionatuta dauden pertsonei, haurdun daudenei eta gimnasia suabea behar dutenei dago zuzenduta.
Aholkularitza zerbitzua
Kirol ikastaro eta zerbitzuen inguruan zalantzak argitu eta argibideak behar dituztenek, gainera, doako kirol aholkularitza zerbitzua erabili ahalko dute. Hitzordua eskatu behar da; horretarako Kirol Sailera deitu daiteke, 943-00 51 23 telefono zenbakira edo kirola@zarautz.eus helbidera idatzi.