«Kalitate oneneko» azoka

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2015eko urriaren 8a

Basque Gazte Jan Zarautz antolatu du Zarautz Rugby Taldeak datozen egunetarako. Bertako produktuak biltzen ditu azokak, eta bihartik astelehenera arte egongo da zabalik.Aste Santuko Garagardo Azokaren ildotik jarraituz, ZRT Zarautz Rugby Taldeak gastro...

Basque Gazte Jan Zarautz antolatu du Zarautz Rugby Taldeak datozen egunetarako. Bertako produktuak biltzen ditu azokak, eta bihartik astelehenera arte egongo da zabalik.

Aste Santuko Garagardo Azokaren ildotik jarraituz, ZRT Zarautz Rugby Taldeak gastronomia eta kirola uztartzen dituen ekitaldi berria antolatu du asteburu luze honetarako: Basque Gazte Jan Zarautz azoka. Oraingoan garagardoak beharrean, euskal produktuek izango dute protagonismoa. Bihartik astelehenera, «kalitaterik oneneko» bertako jakiak eta edariak dastatzeko aukera egongo da Munoako karpan: Eusko Label zigiludun Ekain hanburgerrak; txakolinarekin eta tonikarekin prestatutako txatonic-ak; Idiazabal gaztarekin egindako izozkia, Basatxerri saltxitxak eta txakolinarekin prestaturiko sorbeteak, kasu.

Bertako produktuen aldeko apustua egitea da azokaren asmoetako bat, eta bereziki, produktu horiek gazteei ezagutaraztea. Helburu horrekin bat egin dute ZRTk eta Eusko Label marka duten kalitatezko produktuak bultzatzeaz arduratzen den Hazi erakundeak. «Erakundeko ordezkariek adierazi ziguten euskal produktuak ezagutarazi nahi zituztela, baina bereziki, gazteei. Gure interesekin bat egiten du haien nahiak; gure izatearekin eta gure jarduerarekin lotuta dago hori», zehaztu du ZRTko Joseba Etxabek.

Bertako ekoizleen izenean, Jose Pablo Larreak nabarmendu du euskal produktuen inguruan «hutsune jakin bat bete» nahi dutela. «Ziurtagiria duten bertako produktuak ezagunak dira helduen artean, baina kontsumitzaile berriekin lotura ez da hain nabarmena». Horregatik, erakusleiho bat izango da azoka, produktuena eta haien kalitatearena. «Gauza bat da produktua bertakoa izatea, eta beste bat ziurtagiria edukitzea. Zigilua izateak bermatzen du produktua prozesu guztian zehar kontrolatuta dagoela eta mimoarekin ekoitzi dela», dio. Hala, Eusko Labeldun eta jatorri izenda- peneko produktuekin egindako pintxoak eta platerak eskainiko dituzte egunero, baita dastaketak ere, adituen laguntzarekin.

Eragile asko elkarlanean

Ixidor Larrañaga Zarauzko Turismo zinegotziak jakinarazi du hasiera batean euskal produktuen azoka egitea zela asmoa, baina gerora, kontua «konplikatzen» joan dela, betiere «onera». Izan ere, beste hainbat eragilek ere hartuko dute parte azokan.

Zurekin ostalari elkarteak ere «bere hondar alea» jarri nahi izan du, eta ildo horretatik, euskal produktuekin osatutako pintxo eta ogitarteko txapelketa antolatu du. Elkarteko ordezkari Asier Aldalurrek jakinarazi du 17 jatetxek hartu dutela parte, eta dagoeneko dasta daitezke horien proposamenak. Herritarrek www.basquegaztezarautz.eus webgunearen bitartez bozka dezakete eta larunbatean egingo dute finala. Adituek osatutako epaimahai batek aukeratuko ditu pintxo eta ogitarteko onenak.

Halaber, bi ordutik behin hainbat zozketa egingo dituzte. Horretan ere lagundu du Zurekin-ek; kontsumizioak eskainiko dituzte irabazleentzat. Horrez gain, oinarrizko surf ikastaroak eta led taulekin gaueko surfaldiak ere zozkatuko dituzte. Gazteak erakartzeko asmoari helduz, Moor Surf Eskolak, Zarautz Surf Eskolak eta Axi Muniainen eskolak ere bat egin dute azokarekin. Muniainek, gainera, ekarpen bikoitza egingo dio azokari: surf ikastaroak eskaintzeaz gain, olatu handien inguruko hitzaldia eskainiko du, Ibon Amatrianekin eta Aitor Frantzesena Gallo-rekin batera.

Musika eta erakustaldia

Azoka girotzeko, askotariko jardunaldiak izango dira datozen egunetan. Inguruko musika taldeei euren buruak ezagutzera emateko aukera eskaini die ZRTk, eta besteak beste, Perlak eta Low Riders talde zarauztarrek eta Aizpea Aristi zestoarrak zuzenekoak eskainiko dituzte.

Etxabek beste saio bat ere nabarmendu du: Cooking Show-a. Bihar, azokaren irekieran, Karlos Argiñanoren Aiala ostalaritza eskolako kideek kalitate zigiludun euskal produktuekin goi mailako platerak nola prestatzen dituzten ikusteko aukera izango dute bertaratzen direnek; pantaila handi bat jarriko dute horretarako.

Illarramendiri omenaldia

Sukaldaritza erakustaldiaren ondoren, Angel Illarramendi omenduko dute bihar. «Zarauzko konpositore ospetsu honek makina bat filmetako soinu banda egin du, orkestrarako hainbat musika sortu du... Erabaki genuen omenaldi txiki bat egitea, herriko pertsonaia garrantzitsua baita», adierazi du Etxabek.

«Dastatzeko eta gozatzeko» eskaintza zabala eskainiko dute azokan, beraz. Eta «inongo arazorik gabe», azokak eskainiko duenaz «lasai disfrutatzeko» autobus zerbitzua jarriko dute gauez Zarautzera heltzeko, Donostiatik zein Azkoititik.

Lehenbiziko Basque Gazte Jan Zarautz azoka izango da honakoa, baina nabarmendu dute aurrekari bat izatea espero dutela, eta aurrerantzean halako gehiago antolatzeko aukera edukitzea, Garagardo Azokarekin gertatu den moduan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide