Uemako zuzendaritza batzordea eratu dute, eta bi ardatz nabarmendu ditu Labakak: desberdinen arteko elkarlana eta arnasguneen lidergotza euskararen normalizazio prozesuan.
Larunbatean hautatu zuten Uemako zuzendaritza batzordea Azpeitian, eta Josu Labaka (Azpeitia, 1978) Azpeitiko Udaleko Euskara zinegotzia izango da lehendakaria datozen lau urteetan. EH Bilduko zazpi ordezkari, EAJko hiru eta independiente bat izango dira batzordean agintaldi honetan. Labakarekin batera, eskualdeko beste hiru politikarik osatuko dute batzordea: Nekane Iribar Zarauzko zinegotziak, Josetxo Mendizabal Zestoako alkateak eta Manuel Labaka Beizamako zinegotziak.Zein dira Uemaren oinarriak eta helburuak agintaldirako?
Euskararen normalizazio bidean motor papera izateko bokazioa duen erakunde publikoa da Uema, eta hori landuko dugu. Euskal Herriko udalerririk euskaldunen arteko sarea osatzen jarraituko dugu, herri horiek euskaldunak izaten jarrai dezaten, eta Euskal Herri euskalduna eraikitzeko ekarpena egin dezaten.
Erakunde bat izan arren, herritarrengana iristeko lanketa egin duzue, ezta?
Uemak udaletatik herrira nahi du salto egin, horretan ari gara. Horretarako, ezinbesteko zubia da euskalgintza. Esate baterako, arnasguneen inguruko tailerrak egin genituen tokian tokiko euskalgintzarekin elkarlanean. Aztertu genuen zer urrats eman daitezkeen lekuko errealitatean herria euskalduntzeko. Lehen tailer horietako esperientziak aberasgarriak izan dira oso. Hainbat udalerritan euskalgintzako elkarte iraunkor bilakatu dira bilera horietako taldeak. Jarraipena emango diogu, eta indartu egingo dugu.
Nola definitzen dituzue arnasguneak?
Euskara nagusi den eremua da arnasgunea. Euskararen ezagutza %70etik gorakoa den udalerriak dira, eta naturalki transmititzen da hizkuntza belaunaldiz belaunaldi. Euskara biziberritzeko funtzio garrantzitsua betetzen dute; izan ere, plaza bat eskaintze diote hizkuntzari. Normalizaziotik hurbilen dauden eremuak dira; eta, beraz, eredugarriak gainontzekoentzat.
Zer eragin du arnasguneak osasuntsu egoteak gainontzeko udalerriengan?
Beharrezkoa da arnasguneak osasuntsu egotea egoera hori gainontzeko udalerrietara zabal dadin. Arnasguneek lider izan behar dute euskararen normalizazioan, eta politika aurrerakoiek lagundu behar diete.
Eskualdean, zortzi udalerri daude Ueman. Zer helburu dituzue agintaldi honetan?
Urola Kosta Euskal Herriko arnasgunerik indartsuenetakoa da, eta hori indartu behar dugu. Bide horretan, Aia eta Azkoitia Ueman sartzea dugu xede, eskualde gisa indar gehiago egiteko.
Gipuzkoako Foru Aldundiak Uemarekin elkarlana nahi du sustatu, eta inoiz baino EAJko kide gehiago izango dira zuzendaritza batzordean.
Agintaldi hau estrategikoa izango da zentzu horretan. Izan ere, sentsibilitate desberdinetako politikariak bildu gara, euskararen normalizazioaren alde. Alderdikerien ikuspuntua gainditu da Ueman, baldintzak ditugu, eta kolore desberdinetako indarrek helburu berekin lan egingo dugu. Elkarlana eta adostasuna landuko ditugu. Bestalde, beste erakundeekin ere elkarlanerako bideak irekitzen saiatuko gara Ueman.
Nafarroan aldatu egin da egoera maiatzeko hauteskundeen ostean. Zer aukera ikusten dituzue euskarari dagokionez?
Bide berriak irekitzen direla errealitate objektiboa da. Uemarentzat berri ona da, orain artean Ueman egon diren udalerri nafarren eta gobernuaren harremana amildegi bat izan baita. Hegoaldeak ditu gabezia handienak Nafarroan; haiek aukera berriak izango dituzte. Eremu euskalduneko udalerrientzat ere berri ona da, ordea; eta bide-urratzaile lana egitea erraztuko diete. Badugu asmoa Nafarroako Gobernuarekin harremanetan jarri, eta elkarlan markoak adosteko.
Espainiako gobernuak oztopatu du Uemako udalerrien ibilbidea, baina aitortza batzuk iritsi berri dira epaitegietatik.
Bide-urratzaile izateak baditu arrisku horiek. Hala ere, koherentziaren kontrakoa iruditzen zaigu joera. Uema herritarrei euskaraz egiteko eskubidea bermatzen ari da, eta eskubide horri jartzen dizkiete trabak. Erasoen aurrean, aurrera jarraitzeko erabakia hartu zen, eta egia da aldeko epaiak iritsi zaizkigula. Ez dugu, baina, horrekin itsutu behar. Gai hau epaitegietatik ateratzea da helburua, lege babesa artikulatu behar da, euskaldunen eskubideak berma daitezen. Espainiako Estatuak udalerri euskaldunetako errealitatea ukatzen du, eta hori aldatu behar da, errotik. Arazoa ez dute Uemarekin, euskararekin baizik.