Guztientzat aitortza bera

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko urriaren 2a

Eskualdeko zortzi ordezkari politiko izan ziren irailaren 4an Memoriaren Euskal Institutuan, Ezenarro, Fernandez eta Urkullurekin. Udaletan ari dira orain gaia lantzen.Etorkizunari begiratzeko, iraganeko zauriak ixtea dute helburu gizarte zibilak eta p...

Eskualdeko zortzi ordezkari politiko izan ziren irailaren 4an Memoriaren Euskal Institutuan, Ezenarro, Fernandez eta Urkullurekin. Udaletan ari dira orain gaia lantzen.

Etorkizunari begiratzeko, iraganeko zauriak ixtea dute helburu gizarte zibilak eta politikariek Euskal Herrian. Urola Kostan badira mota guztietako biktimak, alde batekoak zein bestekoak; aitortuak eta ahaztuak; omenduak eta gorrotatuak. Bi aldetan banatutako borroka hori hausteko bidea jorratzen ari da, ordea, euskal gizartean azken urteotan, herritarren eta boteredunen pausoak batuz.

Eusko Jaurlaritzak azterketa-lan bat egin du udalerriz udalerri «bizitzeko eskubidearen aurkako urraketak» txostenetan jasotzeko. Dokumentuak zegozkien alkateei eman zizkieten irailaren 4an, Memoriaren Euskal institutuan, Bilbon. Hamalau txosten prestatu zituzten Arabarako, 56 Gipuzkoarako eta 58 Bizkairako. Horietatik, zortzi Urola Kostako herrietakoak dira, eta bilera hartan izan ziren honako udalerrietako ordezkari politikoak: Aia, Azkoitia, Azpeitia, Getaria, Orio, Zarautz, Zestoa eta Zumaia.

Azaroaren 10a biktima guztien eguna izaki, ekitaldi bateratuak sustatzea eta haiei garrantzia ematea zen batzar hartako helburuetako bat, baita udalerriei informazio zehatza eta baliabideak eskaintzea ere. Ekitaldian izan ziren, besteak beste, Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza idazkaria, Aintzane Ezenarro Memoria eta Bizikidetza Institutuko zuzendaria eta Iñigo Urkullu lehendakaria.

Eskualdeko alkate guztiek bat egin dute puntu batean: «Lan asko dago egiteko biktimen eta memoriaren inguruan». Hari horri tiraka, adibidez, hezkuntza esparruan bereziki landu dute gaia Zarautzen, Xabier Txurruka alkatearen arabera; baina hark ikusten du herrian egin behar dela lana. «Datozen lau urteetan, herri honen etorkizunerako eta herritarren elkarbizitzarako funtsezkoa den gai hauen inguruan lan egiteko konpromisoa azaldu dugu», esan du Txurrukak. Hori dela-eta, erabaki dute udalean batzorde bereiztu bat sortzea biktimak eta bizikidetza lantzeko: «Giza Eskubideak eta Elkarbizitza izeneko batzorde berri bat eratu dugu, eta bertan landuko dira gai hauek, Imanol Lasa buru dela».

Eusko Jaurlaritzak abiarazitako egitasmoaren inguruan balorazio ona egin du alkateak, eta haren beharra nabarmendu du «gizarteak aurrera egiteko borondate argia» duela-eta. Memoriaren egunerako zerbait egin daitekeen aztertzen ari da erakundea.

Ildo beretik, Jose Angel Zaldua Orioko alkateak azaldu du dagoeneko euskal gizartea «mentalizatuta» dagoela biktimen gaiarekin: «Ondo heldu behar zaio gaiari, ez da derrigorrezkoa, agian; baina bai justiziazkoa». Lan horretan, Jaurlari- tzaren egitasmoa «bultzada handia» izan dela adierazi du, eta «zerbait bateratua» egiteko oinarriak jarri dituela.

Oraindik ez dute txostena sakonki aztertu, baina talde politiko guztiekin konpartitu nahi dute datozen egunetan. Horrez gain, azaroaren 10erako ekitaldiren bat prestatzen hastekoak dira. Lehen ere, EAJ agintean zegoenean, horrelako aitortza bat egin zela azaldu du: «Denekin jarriko gara harremanetan, ekitaldian parte har dezaten. Inor behartu gabe, aukera berak emango dizkiegu guztiei».

«Sukalde lana»

Zestoako Udalean, teknikariekin landu du Josetxo Mendizabal alkateak, oraingoz, biktimen inguruko txostena. Aurrera begira, aurreikusita dute gainontzeko taldeekin ere esertzea, hura konpartitzeko. Egitasmoa begi onez ikusi du Mendizabalek, «biktimen familiengana hurbiltzeko laguntza baita». Aurten ez dute betarik izango azaroaren 10erako ekitaldia prestatzeko, baina datorren urterako nahi dute antolatu biktima guztiak batuko dituen ekitaldia.

Mendizabalek «argi» ikusten du biktima denek «modu berean» merezi dutela errekonozimendua: «Zaila da urteetan elkarren aurka egon diren bi familia elkarren ondoan esertzea, baina horretarako gaude, sukalde lana egiten saiatzeko». Alkateak esan du bera «guztiz» inplikatuko dela gaian, eta bizikidetza sustatzeko «aukera guztiak» aztertuko dituela udalak. «Desberdintasunak eta ezinikusiak leuntzea dagokigu politikariei», nabarmendu du.

Bi irakurketa

Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak gogorarazi du Azpeitian Aranzadik egina duela eskubide urraketen txostena. Bertan, heriotzak ez ezik, gainontzeko urraketak ere jasotzen dira, 1960tik 2014ra arte. Bi txostenak alderatu dituzte, eta Eusko Jaurlaritzarenak bat egiten du aurrez osatutakoarekin. «Dokumentu ireki» gisa definitu du Etxeberriak lana, uste baitu garrantzitsua dela herritarrek sarbidea izatea, eta hura osatzen joateko aukera edukitzea. Beste epe historiko bat ere ari dira lantzen Azpeitian, 1936ko gerraren inguruan liburua osatzen ari baitira.

Ontzat jotzen du EH Bilduko alkateak ere Jaurlaritzaren egitasmoa, «egia jakiteko eskubidea beti babestu behar delako». Horri jarraiki, bileran eman ziren gomendioak jarraitzen ari direla azaldu du. «Hausnarketa prozesua egiten ari gara Udalbatzan: gaia nola landu, noiz, zenbat...», jakinarazi du.

Bi irakurketa egiten ditu, ordea, Etxeberriak Jaurlaritzaren egitasmoaz. Batetik, eskertu du keinua; izan ere, uste du «beharrezkoa» dela atzera begiratzea, «besterik gabe ezin delako orria pasatu». Hala ere, bestetik, uste du ez dela «kasualitatea» legegintzaldia bukatu bezperetan abiaraztea prozesua, azken urteetan halakorik landu ez denean. Katalunia eta haren egoera ere izan ditu hizpide: «Ez dut sinisten kasualitateetan, eta estrategia politikotik ere badu zerbait aukeratutako uneak. Katalunia etorkizuna erabakitzen ari denean, atzera begira jarri nahi gaituzte». Iraganeko eta orainaldiko biktimak bereizi ditu Etxeberriak: «Biktima den-denekin aplikatu behar da aitortza eskubidea, ez iraganekoekin soilik, gaurko biktimak ere kontuan izan behar dira gatazka konpontzeko: absolutu etikoa da».

Eskualdeko EAJko eta EH Bilduko alkateak prest daude, beraz, biktimen eta oroimenaren gaia erakundeetatik lantzeko eta sustatzeko. Herri gisa, bidea egiten jarraitzeko, denek onartu dute beharrezkoa dela iraganeko urratsei erreparatzea, haiek inoiz ezaba ez daitezen.

UROLA KOSTAKO HITZA irailaren 4ko bileran izan ziren eskualdeko zortzi alkateekin jarri da harremanetan, baina guztiek ez dute hitz egin, ezin zutelako edo gaiaren inguruan ez dutelako, gaur-gaurkoz, adierazpenik egin nahi.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide