Txalo artean jaso dute Emakumeen Mundu Martxako karabana, Zumaian. Zarauzko eta Zumaiako udalek bat egin dute martxarekin.
Ekitaldi berezia izan zen atzokoa Zumaian. Martxoaren 6an Kurdistanetik atera, eta urriaren 17an Lisboan bukatzen den Emakumeen Mundu Martxak geldialdia egin zuen herrian. «Feminismoaren berpizkundea bizitzen ari gara momentu honetan, eta horrelako ekitaldi batek bultzada handia ematen digu lanean jarraitzeko», aipatu zuten Zumaiako Asanblada Feministeko kideek.Eguerdian egin zuen sarrera kotxe karabanak herrian barrena, eta bozina hotsez lagunduta, Alondegiaren aurreko plazan egin zuten lehen geldialdia. Dozenaka herritarrek txalo artean egin zieten harrera, eta kalejira batez lagunduta, Beheko plazara abiatu ziren.
«Mundu hau irauli arte jarraituko dugu martxan», abestu zuen Ainhoa Agirreazaldegi bertsolariak. Eta halaxe baieztatu zuen Malen Etxeko arduraduna den Silvia Carrizok: «Gure zalantzak, galderak, erreibindikazioak... plazaratu egin behar ditugu, eta horrelako ekitaldiak erabat positiboak dira».
Ekitaldi nagusian, Emakumewn Mundu Martxaren Urola Kostako adierazpena irakurri zuten. «Azken aldiko emakumeen migrazioak lan prekarioa dakar kasu askotan, eta hainbat emakumek jazarpena jasaten dute lanean», esan zuten. Ereindako haziak sustraitu egin behar dira esaldiarekin amaitu zuten adierazpena.
Jaiak bazkari batekin jarraitu zuen, eta arratsaldean, Zumaiako esperientzia feministei buruzko mahai ingurua egon zen. Tere Eizagirre, Berdintasun foroko partaideak esan zuenez, «herriko eragileen lana ezagutaraztea, helburuak azaltzea eta Zumaiako errealitatea aurkeztea dira ardatzak».
Martxak urriaren 4an utziko du Euskal Herria, baina Azpeitian proiekzio bat antolatu dute urriaren 7rako: La mochila invisible dokumentala emango dute 19:00etan Emakumeen Txokoan, eta gero solasaldia egingo dute. Urriaren 17an bukatuko da martxa Lisboan (Portugal), eta hara joateko autobusak antolatzen ari dira Euskal Herritik. Informazio gehiagorako: info@emakumeenmundumartxa.eus.
Udalen adierazpenak
Zumaiako Udala osatzen duten EAJ, EH Bildu eta PSE-EE alderdiek eta Zarauzko Udalak bat egin dute egitasmoarekin. «Babesa eman eta gure esku dauden baliabideekin berdintasunaren alde lan egiteko eta neurriak hartzeko konpromisoa hartzen du udalak», adierazi dute bi herrietan. Adierazpenaren edukia osorik irakurgai dago urolakosta.hitza.eus webgunean.