Urriaren 9tik 11ra antolatu dute musika jaialdia Azpeitian. Kepa Junkera eta Sorginak taldeak estreinatuko dute egitasmoa urriaren 9an, gaueko 22:00etan.
«Urtez urte hazten ari den ekitaldia da Azpeitiko Tuba Jaialdia», hala dio Agustin Jimenez Azpeitiko Metal Boskoteko kideak eta jaialdiaren antolatzaileak. «2010ean hasi ginen eta urtetik urtera lagunak eta aukerak gehitzen joan dira». Urriaren 9tik 11ra arterako antolatu dute seigarrenez. Bonbardinoa aitzaki hartuta, lau kontzertu, tailerrak, masterclass bat eta hitzaldi bat antolatu dituzte jaialdi borobila osatzeko.Kepa Junkera eta Sorginak-en kontzertuarekin hasiko dute VI. Tuba Jaialdia. Junkerak Sanagustin kulturgunean joko du urriaren 9an (ostirala), gaueko 22:00etatik aurrera. Kontzerturako sarrerak saltzen jarri dituzte Juantxo Txiki tabernan, Sanagustin kulturgunean eta Internetez. Sarrera aurrez 12 euro kostako da, eta egunean bertan 15 euro. «Jaialdi batean Junkera ezagutzeko aukera izan genuen, eta kontzertu hau antolatzeko aukera izan dugu oraingoan. Kontzertuaren bukaeran tubarekin parte hartuko dugu», azaldu du Jimenezek.
Taldekako tailerrak
Urriaren 10ean, larunbatean, instrumentu bakoitzeko tailer desberdinak egingo dituzte taldeka. Edu Ruanok, esaterako, inprobisazioa lantzeko mintegia emango du, goizeko 10:00etatik aurrera. Ruano Zaragozako (Espainia) kontserbatorioko tuba irakaslea da egun, musika-tresna honetan aditua.
«Gipuzkoan horrelakoak egiteko aukera gutxi dago, eta hainbat tokitatik etorritako irakasleak ariko dira. Tailerrez gainera, ikasle aurreratuei zuzendutako masterclass bat ere antolatuko da». Tailerretakoaren emaitza 13:00etan udaletxeko ganbaran emango duten kontzertuan entzungo da gero. Horrez gain, David Muñozen hitzaldia izango da. 20:00etan, Azpeitiko Musika Bandarekin kontzertu bat emango dute.
Bestalde, tronboi mintegia emango du Miguel Sansiñenak, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko kideak.
Tuba Eguna hilaren 11n
Urriaren 11n, igandean, Tuba Eguna egingo dute. Egun horretan, herriko plazako kioskoan kontzertua emango dute, arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Aurretik, tuben eta bonbardinoen beroketa saio batekin hasiko dute eguna. Saioa Alfonso Molla Asturiasko (Espainia) kontserbatorioko irakasleak zuzenduko du. Eguerdirako, berriz, Yamaha etxeak hitzaldi bat antolatu du.
Igandeko ekitaldietan izena emateko 30 euro ordaindu behar dira. Bi egunetan izena ematen duten musikariek, berriz, 50 euroren truke lortuko dute sarrera.
Tuba Jaialdiko ekitaldietan parte hartzeko izena tubajaialdia@gmail.com helbidera idatzita eman daitekeela esan dute antolatzaileek.