Lotsarik gabe, praktikatu gurekin lelopean abiatu du Urola Kostako Udal Elkarteko Euskara Sailak Mintzalagun programa. Zazpigarren urtez euskaraz dakiten pertsonak eta euskara ikasten ari direnak elkartuko dituzte astean ordubetez euskaraz hitz egin dezaten. Urtez urte Mintzalagun programa indarra hartzen joan da, eta parte-hartzaile kopuruak gora egin du. 2009an 41 mintzakidek parte hartu zuten, eta azken urteetan 20 talde inguru osatu dituzte 80 lagun inguru bildu baitira astean behin euskaraz hitz egiteko.
Programak euskaldun berriei euskaraz hitz egiteko aukera emateaz gain, bertako hizkera ezagutzeko, ikasteko eta euskaraz aritzeko harreman sarea zabaltzeko beta ematen die. Bien bitartean, euskaldun zaharrek euskaldun berriei lagutzen diete. Mintzalagun programa atsegina izan dadin, nahi izanez gero hitzaldi, irteera, topaketa eta kultur ekitaldietan parte hartzen dute mintzalagunek.
Izena ematea zabalik
Mintzalagun programaren inguruko informazioa jaso edo izena eman nahi dutenek Urola Kostako AEK euskaltegian eta Zarauzko Udal Euskaltegian izango dute horretarako aukera; baita 625-48 52 15 telefono zenbakira hots eginda, idatziz urolakosta@aek.org helbidearen bidez, edo mintzalagun.blogspot.com atarian nahiz Mintzalagunak Gara Facebook orrian.