Aurten lehen aldiz udalak bere gain hartu du zerbitzuaren kostua, eta neurria emaitzak ematen hasi da. Hiru talde osatu dituzte, eta beste 30 lagun autoikaskuntzan arituko dira.
Atzo goizean Orioko Udalak eta AEK-ko koordinatzaile Mertxe Mujikak Orioko Euskaltegiko euskara zerbitzua emateko kontratua sinatu zuten, eta ondoren Kosta Tailerreko ikasgela berriak bisitatu zituzten elkarrekin. Bertan izan ziren AEK-ko ordezkariak, Orioko Euskara batzordeburu Lurdes Salsamendi eta Orioko Udaleko Euskara teknikari Jabier Zabaleta. Oro har, «gustura» dira bi aldeak herritarrek euskaltegiari egin dioten harrerarekin. Pasa den astean itxi zuten Orioko Euskaltegian izena emateko epea, eta inoiz euskaltegiak izan duen matrikulazio kopururik handiena izan du aurten, 60 lagunek eman baitute izena. Hain zuzen, aurten lehen aldiz Orioko Udalak bere gain hartu du euskara eskolen kostua, eta neurria hasi da emaitza onak ematen.Hiru talde osatu dituzte denera. Goizetan, lehen urratseko 11 ikasle arituko dira euskara ikasten. Arratsaldeetan, berriz, euskara pixka bat dakiten 13 lagunek euskaran sakontzen jarraitzeko aukera izango dute eta, bestetik, alfabetatzeko zazpi laguneko taldetxoa sortu da. Horretaz gain, aurten berrikuntza bezala autoikaskuntza eskainiko du Orioko Euskaltegiak, eta 30 lagunek izena eman dute zerbitzu berrian; ikasle horiek lanak etxean egingo dituzte, eta astean behin tutorearekin elkartuko dira ariketak zuzentzeko eta zalantzak argitzeko. Gainera, mintzapraktika egiteko aukera izango dute astean behin. Astelehenean abiatuko du ikasturtea Orioko Euskaltegiak, baina ikasleek eta arduradunek elkar ezagutu dezaten ostegunean aurkezpen saioa egingo dute; goizean batzuek, eta arratsaldean besteek. Autoikaskuntzako ikasleak astelehenean hasiko dira euskara eskolekin.
Itxaron zerrenda irekita
Autoikaskuntzak arrakasta izan du, eta tokirik ez da geratzen dagoeneko. Horregatik, AEK-k itxaron zerrenda ireki du, tokia sortu ahala matrikula egin ahal izateko. Euskalduntze mailako arratsaldeetako taldean ere leku gutxi geratzen da, eta bertan euskara ikasi nahi dutenek, lehenbailehen eman beharko dute izena.