Txiki eta Otaegi omendu zituzten igandean Zarauzko kiroldegian. Urtero bezala, Txikiren hilobi aurrean elkartu ziren. Nuarben ere gogoan hartu zuten Otaegi, larunbatean.
Herenegun bete ziren 40 urte Jon Paredes Manot Txiki zarauztarra, Angel Otaegi azpeitiarra eta FRAPeko hiru kide Humberto Baena, Jose Luis Sanchez Bravo eta Ramon Garcia Sanz fusilatu zituztela. Hori dela-eta, ekitaldi bereziak egin zituzten asteburuan haien sorterrietan. Zarautzen, urtero legez, hilerrian elkartu ziren Txikiren senitartekoak, herritarrak eta hainbat instituziotako ordezkari politikoak. Ehunka pertsona bildu ziren Txikiren hilobiaren aurrean.Urtemuga borobila izaki, Itziar Aizpuruak hartu zuen hitza. Herri Batasunako Mahai Nazionaleko kide ohiak «bidean ekinez joan diren guztiak» izan zituen gogoan: «Euskal Herriaren independentzia eta sozialismoa eraikitzeko bizitza eman duten guztiak, oraindik espetxean zein atzerrian bizi direnak, eta baita sufritzen ari diren senitartekoak ere. Agur eta ohore guztioi». Bereziki, Txikiren eta Otaegiren amak gogoratu zituen Aizpuruak. «Nuarbeko Maria aspaldi joan zen gure ondotik, baina zuri, Maria Manot, esan nahi dizugu denon ama zarela. Zu zarela herri sufritu honen ama eta adibide garbia».
«Egia da behar duguna»
Txikiren eta Otaegiren bidea jarraituko dutela nabarmendu zuen, «haien ametsak». «Garaipena lortuko dugu, herri hau libre izatea lortuko dugu». Igandeko eguna «zapaldutako egia» aldarrikatzeko eguna zen Aizpuruaren iritziz. «Egia da behar duguna, Frantziar zein Espainiar Estatuek eragin duten egia krudela, ezkutatuta dagoena. Guztiok behar dugu jakin Txikiren eta Otaegiren egia; Xabi Etxebarrietarena; Joxe Arregirena; Lasa eta Zabalarena; Josu Zabala Basajaun-ena; Popo Larrerena; Josu Muguruzarena; Naparrarena; Jon Antzarena eta beste hainbat eta hainbaten egia».
«Benetako bakea» lortzeko beste biderik ez dagoela esan zuen. «Normalkuntza bizi ahal izateko, beharrezkoa da herri honen eskubideak aitortzea». Herri Batasunako Mahai Nazionaleko kide ohiaren esanetan, euskal gizarteak hartu behar du protagonismoa, egia eraikitzeko, herri normalizatuan bizi ahal izateko eta askatasuna eskuratzeko. «Herritar guztion esku dago, ez alderdi politikoen eskuetan soilik. Guk eskatu behar diegu alderdiei eta sindikatuei egiaren defentsan buru-belarri jarduteko».
Borrokalari guztiak, biktima guztiak lelopean egin zuten ekitaldia, eta Ahaztuak 1936-1977 elkarteko Martxelo Alvarezek azaldu du zergatia: «Gaur hemen omentzen ari garen bost kideak ez ditugu aitortzen Frankismoko azken fusilatuak direlako soilik. Borrokalari antifaxistak izan zirelako ere omendu nahi ditugu. Armekin egin zuten borroka, baina armekin ezarritako erregimen baten aurka. Inork ezingo die bide hori hartu izanaren legitimitatea kendu». Ildo horretatik, Piru, Tapi eta Xenki gudari zarauztarrak ere aipatu zituen Alvarezek, «Euskal Herriaren askatasunaren alde borrokatu zutelako».
Hilerriko ekitaldia bukatuta, Txikiren etxerainoko bidea hartu zuten bertaratu zirenek. Han Askapenako kide batek hartu zuen hitza. «Guretzat Txiki eredu internazionalista bat izan zen. Extremaduran jaiota, gure herrira etorri zen eta bere bizia eman zuen askapen prozesu honen mesedetan».
Urriaren 19an egingo da Askapenako bost militanteren kontrako epaiketa, eta horren aurrean lan internazionalista «lehen baino ozenago» aldarrikatuko dutela nabarmendu zuen. Seina urteko kartzela zigorra eskatu dute auzipetuentzat, baita Askapena, Askapeña, Herriak Aske eta Elkar Truke elkarteen legez kanporatzea ere, ETAren eta nazioarteko eragileen arteko bitartekari lanak egitea leporatuta.
Askapenako ordezkariak omenaldia aprobetxatu zuen adierazteko herri epaiketen bidez erantzungo dietela epaiketa politikoei. Hala, hainbat ekitaldi antolatu dituzte epaiketa horri aurre egiteko. Zarautzen, esaterako, datorren larunbatean egingo dute ekitaldia, 20:00etan Musika Plazan.
Ekitaldi nagusia elkarrekin
Aritzbatalde pilotalekuko harmailak goraino beteta, 13:30ak pasatxoan eman zioten hasiera eguneko ekitaldi nagusiari. Revuelta eta Etxebeste bikoteak Viento de libertad abestu zuten hasiera emateko, eta ondoren Aurreskua dantzatu zieten oholtzara atera ziren Txikiren eta Otaegiren senitartekoei. Oroigarri bana eta krabelin gorriak ere eman zizkieten.
Dantza garaikide erakustaldia eta errezitaldia ere egin zituzten jarraian. Bitartean, senitartekoek zein gertukoek lurra bota zieten bi gudarien argazkien artean zituzten zuhaixkei. Ondoren, AMMko eledun izandako Juan Mari Olano atera zen agertokira eta irakurketa politikoa egin zuen. «40 urte dira Francoren erregimenak Txiki, Otaegi eta FRAPeko hiru kideak hil zituela. Urtero, irailaren 27an gogoratzen dugu borrokak ekarri gaituela honaino eta horrek eramango gaituela askatasunera».
Frantziako eta Espainiako Estatuek indarkeria «egia bakarraz» hitz egiten dutela nabarmendu zuen, «herri honetako sufrikarioa ezerezean utziz». «Hori izan da egia ofiziala; inoiz ez dute onartu gatazka politikorik dutenik herri honekin». Baina Euskal Herriak «amuari kosk» ez diola egingo esan zuen. «Guk, 40 urtetako borrokaren irakaspena jasoz, gure bidetik jarraitu behar dugu herri honen aitortza lortzeko». Eusko Gudariak kanta abestuz amaitu zuten ekitaldi nagusia.
Nuarbeko omenaldia
Bezperan, larunbatean, Otaegi izan zuten gogoan haren herrikideek. Mendi martxa egin zuten Azpeititik Nuarbera, eta han, Otaegiren etxea zenaren atarian hamaiketakoaz gozatu ondoren, oroimeneko ekitaldia egin zuten frontoian. Otaegiren irudia erdian eta Egia bide, askatasuna amets leloa behealdean zituen pankartaren aurrean, bertsoak, poesia errezitatuak eta kantuak eskaini zituzten frontoian jarritako oholtzatxoan. Tartean, Xexilio Alegriak eta Juan Mari Zubillagak hartu zuten hitza. Otaegi hurrengo egunean fusilatuko zutenaren abisua jaso ondoren Burgosera joan ziren nuarbetarretako bat izan zen Alegria, eta ordu haietan bizitakoaz aritu zen. Zubillaga hernaniarra, berriz, Otaegiren espetxekidea izan zen, Martutenen aurrena eta Burgosen gero.
Ekitaldiaren azken txanpan, Otaegiren eta Txikiren senide banarekin batera, Pasaiako segadan Guardia Zibilak tirokatuta hildako Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarren senideak ere igo ziren oholtzara, frontoian elkartutakoen omenaldia jasotzera. Eusko Gudariak abestuz bukatu zen ekitaldiaren ondoren bazkaria izan zuten, frontoian bertan. Igandean ere gogoratu zuten haren heriotza Nuarben, hilerrian egindako ekitaldi batean.