Bi herri, hizkuntza batek lotuta

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko irailaren 29a

Hitza Hats eguna ospatu dute asteburuan Hazparnen. Azpeitiarekin dago senidetuta Lapurdiko udalerria, eta han izan dira Azpeitiko politikari, eragile eta herritarrak, herrien arteko loturak sendotzen.Nortasun handiko bi udalerri, Azpeitia eta Hazparne....

Hitza Hats eguna ospatu dute asteburuan Hazparnen. Azpeitiarekin dago senidetuta Lapurdiko udalerria, eta han izan dira Azpeitiko politikari, eragile eta herritarrak, herrien arteko loturak sendotzen.

Nortasun handiko bi udalerri, Azpeitia eta Hazparne. Muga batek banatzen ditu, eta hizkuntza batek batzen. Lotzen dituena urruntzen dituena baino sendoagoa izan dadin ospatzen dute urtero Hazparnen Hitza Hats eguna, bi herrien arteko harremanak trinkotzeko, eta Iparraldeko udalerriko euskara zein euskal kultura hauspotzeko. Larunbatean ospatu zuten jaia Lapurdiko txokoan, eta han izan ziren Azpeitiko hainbat politikari, eragile eta herritar. Eguna igaro zuten han, eta hazpandarrak hobeki ezagutzeko aukera izan zuten.

1984an senidetu ziren Azpeitia eta Hazparne, Imanol Elias alkate zela. Daniel Camblong hazpandarra izan zen aitzindari eta gidari parezkatzearen prozesuan. Herriko etxeko hautetsia zen orduan, eta gaur egun ere senidetzea indartzeko lanean dihardu. «Garai hartan, Iparraldeko udalerri gehienek Alemaniakoekin egiten zituzten parezkatzeak, baina nik beti izan dut begi bat Hegoaldean, abertzale bezala. Uste nuen Hegoaldekoek aukera asko zituztela euskarari eta nortasunari dagokienez», azaldu du Camblong-ek. Hegoaldeko udalerri bat hautatzeko saiakera horretan, han-hemenka ibili zen galdezka, herri «arrunt euskalduna» nahi zuelako aurkitu. Beste hainbat udalerriren artean Azpeitia aipatu zioten hautetsiari, eta Maria Jesus Aranburu garai hartako Kultura eta Euskara zinegotziarekin jarri zen harremanetan.

Garrantzia berezia eman diote hazpandarrek hasieratik Azpeitiarekiko senidetzeari. Udalen artean ez ezik, «herritarren eta eragileen artean usain daiteken senidetza» lortu nahi baitute. Senidetze horren aurka egon den gobernua ere izan zuen Hazparnek, eta 1995etik 2007ra bitartean «isilune bat», nolabaiteko etena, izan zuen erlazioak. «Hemengo alkatea aldatu da, ordea, Beñat Intxauspe dugu orain, euskaltzale sugarra, eta prest dago proiektu hau bultzatzeko», esan du hautetsi ohiak.

«Laguntza pixka bat» eskatzen dute hazpandarrek Azpeititik, harremana bultzatzeko: «Gu herri ttipia gara, baina denontzat da garrantzitsua beste gizarte bat ezagutzea: hangoentzat eta hemengoentzat. Guk euskararen aldetik ditugu ahultasunak, baina beste zerbait ekar diezaiokegu Azpeitiko gizarteari».

Bi urte 30 betetzeko

Bi udalerriek dakite hasierako urteetan izan zuen esentzia galdu duela parezkatzeak; eta, horregatik, azken urteetan gogoz heldu diote gaiari, «lehengo indar hura berreskuratzeko».

Aitor Bereziartua Azpeitiko Udaleko zinegotziak azaldu du Azpeititik ere «benetako lotura» nahi dutela sustatu bi udalerrien artean, eta ez zinegotzien arteko senidetze soil bat. Horretarako saiatuko dira bi herrietako talde eta eragileen arteko harremanak bultzatzen, «hartu-eman naturalak» izan ditzaten. «Ea mugak gerturatu edo, posible izanez gero, deuseztatzen ditugun», esan du Bereziartuak. «Mugaren bi aldeetako euskaldunak elkartzeko» aukera ematen du senidetzeak Azpeitiko zinegotziaren arabera. «Ona litzateke, behingoz, elkarri euskaldun izaera aitortzea», aldarrikatu du.

Eragileak gosez

Itsasi dantza taldea lehen aldiz izan zen Hazparneko jaialdian larunbatean, eta itzultzeko gogoz gelditu ziren kideak. «Giro ederra» aurkitu zutela azaldu dute. «Dantza egin, bazkaldu eta bertsolariak entzun ditugu gure emanaldiaren aurretik, eta egun polita izan da», Ander Alkorta dantzariarentzat. Hala, azpeitiarrak animatu nahi dituzte datozen urteetan Hitza Hats-en parte hartzera. Amaia Aranaga Itsasiko musikariak espero du urtetik urtera parte hartzea hobetzea: «Azpeitian talde asko daude, eta gauza asko dakizkigu egiten. Ederra izango litzateke 2016ko jaian berriro hemen egotea, jende gehiagorekin».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide