Zarauzko udal gobernuak espazio publikoa txukuntzeko asmoa du agintaldi honetan. Hori dela-eta, Auzoz auzo egitasmoa jarri du martxan, auzoetako garbiketa zerbitzua eta mantenua areagotuz. Besteak beste, kaleak modu intentsiboan garbituko dituzte; kaleak, farolak eta errepideak konpondu; espaloiak, haur parkeak, zein kaleko altzariak txukundu; egoera txarrean dauden zuhaitzak bota; eta edukiontziak atondu.
Itxasmendin hasi ziren txukuntze lanak egiten aurreko astean; hautsitako baldosak aldatzen eta lotu gabe zeudenak atontzen. Halaber, puskatutako eserlekuak, seinaleak eta edukiontziak konpondu zituzten, haur parkeak zein lorategiak txukundu eta eremu publikoa garbitu. Iban San Martin Obra Txikien eta Zerbitzuen zinegotziak jakinarazi duenez, hala bizilagunen eskari bati erantzun dio erakundeak. «Auzotarrak aspalditik ari ziren lanketa horiek egiteko eskatzen; urteak ziren auzoan harretarik jartzen ez zena. Udalak zor zien hori».
Itxasmendirekin egin duten moduan, beste hamaika auzotako egoera ere hobetuko dute. Horretarako, udalaren baliabideak modu bateratuan erabiliko dituzte. «Modu koordinatuan nahi dugu lan egin, garbiketa, mantenu eta konponketa lanak ahalik eta eraginkorrenak izan daitezen», esan du San Martinek. Hilabetero auzo bat txukunduko dute: hurrena Mitxelenan eta Zelai Ondon egingo dituzte; Aritzbatalden gero, eta atzetik Azken Portu eta Azken Portu Goian; Salbiden eta Vista Alegren; Abendañon eta landa bideetan; Astin, Talaimendin eta biotopoan; Izpilla plazan, Borghetton eta Berazan; San Pelaion; Nafarroa kalean; Mateo Mujika eta San Frantzisko kaleetan zein Alde Zaharrean eta moilan.
Zentzu horretan, jarraipena eman nahi dio udalak udan abiatutako kaleen eta edukiontzien garbiketa areagotzeko ekimenari. «Askotan kritikatu izan da Zarautz udan soilik zaintzen dela. Auzoz auzo kanpainarekin urte osoan zehar egingo ditugu garbitze eta mantentze lanak auzoetan», nabarmendu du zinegotziak.
Biribilgunea, urte amaieran
Txukuntze lanez gain, irisgarritasuna ere bermatzeko asmoa badu udalak. Jakinarazi dutenez, datorren urterako biribilgunea martxan izango da Itxasmendi auzoko sarreran. Auto ugari pilatzen da auzoaren sarreran, eta horrek zirkulazio arazoak eragiten ditu. Horri irtenbidea emateko, Xabier Txurruka alkatea bizilagunekin bildu zen udan, eta arazoa konpontzeko aurrekontuetan partida bat gordeta dagoela azaldu zien; alegia, proiektua idazteko. Proiektua adjudikatzeko prozesua martxan da dagoeneko, eta aurreikusi dute dokumentua urte amaierarako idatzita egongo dela.