Sofa taldeak math rock instrumentala jotzen du. Gaur, Inpernupe elkartea antolatzen ari den musika zikloaren barruan kontzertua eskainiko dute, 20:30ean.
Musika instrumentala egiten duzue. Letrarik gabeko musika bezala definitzen dute askok. Horrela al da? Nola definituko zenukete zuek?Berez ez. Musika instrumentala jotzeak esan nahi du instrumentuak direla, beste ezeren gainetik, protagonismoa hartzen duten elementuak. Baina badaude taldeak nagusiki instrumentalak direnak eta letra minimo bat abesten ere abesten dutenak.
Eta, zuek?
Gure kasua ez da hori, gure abestiek ez dute letrarik, ez dugu kantatzen. Ahotsak ez du lekurik, nahiz eta batzuetan garrasiren bat edo bota kontzerturen batean.
Egitura eta erritmo konplexuko musika egiten duzuela diote.
Hala esaten dute, bai. Egitura konplexua izateak esan nahi du ez dugula egitura bera jarraitzen abesti berean. Hau da, ez dugula musika konpas berdinetan jarraitzen. Alde horretatik, ez gara prebisibleak.
Zaila al da zuen musika ulertzea?
Bakarren batentzat zailagoa izango da. Ez dakit. Beharbada, erritmo eta egitura aldaketek entzulea deskolokatu egin dezakete, eta hori ere polita da. Guk aldaketa horiek bilatu egiten ditugu, bestela aspergarria suertatu dezakeelako. Publikoari agian ez zaio gustatuko musika talde bat ohikoa den horretatik kanpo ateratzea, deseroso sentitzea… Denetarik dago. Baina, esan dezaket, gaur egun badagoela horren zalea den publikoa ere. Askok estimatu eta guzti egiten dute.
2014tik martxan zabiltzate. Nolako harrera izan du taldeak denbora honetan?
Maiatzaren 31n izan zen gure lehenengo kontzertua. Ordurako ari ginen entseatzen, eta egun hori jarri genuen gure estreinuko data bezala. Getariako Gaztetxean eman genuen kontzertua. Gure kanta sortarekin joan ginen, eta handik beste bi kontzertu atera ziren, gero beste batzuk… katean joan ziren, egia esan.
Diskoa etorri zen, gero.
Bai. Udarako geldialdia eta gero disko bat grabatzen hasi ginen azaroan, eta bukatu ondoren, aurtengo otsaila-martxoa aldean, disko horrekin hasi ginen kontzertuak ematen.
Nolako harrera izan du?
Harrera ona izan da. Leku ezberdinetan jo dugu, eta hori polita da. Taberna batetik deitzen dizute, gaztetxe batetik beste batean, txosna batean jotzeko ere bai, plazan, kalean… eta horrek bere xarma dauka.
Bost kantaz osatutako diskoa duzue. Abestien izenak xelebreak, edo kuriosoak dira behinik behin…
Zumaiako usategian grabatu genuen, eta estudioan sartu ginenean 10 bat kanta genituen. Azkenean bostekin geratu ginen: Ñu, Lanperna, Perpausa, Korrokoi albinua,eta Xibarita. Letrarik ez edukitzeak ematen du horrelako izenak jartzeko askatasuna. Guretzako esanahia dute, geure artean edozein egunetan erdi brometan esandako izenak dira. Lanperna, xibarita… bertako izenak dira gainera, eta gustatu egiten zaizkigu.
Udaran geldirik egon zarete, eta gaurko kontzertua izango duzue, hilabete batzuen ondoren, lehenengoa.
Hala da. Gero, urrian, Galiziara joango gara, eta Zarautzen egingo den keep an open mind festibalean ere parte hartuko dugu. Azaroan, berriz, Burdeosen [Frantzia] ospatuko den musika festibal batean joko dugu.
Sofa taldea zarete, letrarik gabeko musika egiten duzue... Zuen musika sofa batean eserita entzuteko gonbidapena al da?
Gustatuko litzaidake jendeak musika sofa batean eserita enzutea, baina harritzen nau gaur egun norbaitek musika egin, eta musika hori sofa batean, atentzio guztiz entzungo duela pentsatzea. Egia esan, beharbada, eta etxean bada, musika entzuteko postura ona da. Baina, gu ere ez gara sofan eserita egotekoak ere. Beraz, ba...