Hogeita hamalau urte geroago, bakarkako erakusketa berria aurkeztu du Angel Uranga margolari zarauztarrak sorterrian; Merkatuko lehen solairuan ikus daiteke urriaren 4ra bitartean.
New York, Miami, Toronto, Londres, Lausanne, Bartzelona, Mostar, Estrasburgo... Angel Uranga (Zarautz, 1961) margolariaren ikerketa piktorikoek ibilbide oparoa izan dute nazioarteko museo, azoka eta arte galerietan. Sorterrian inoiz ez dio utzi bere lanak erakusteari, galeria propioa duelako Kale Nagusian, baina, bertan, kaleko jendearentzat «ulergarriagoak» diren margolanak ditu. Hilabete honetan, aldiz, 50 metrora lekualdatu da, eta Merkatuko goiko solairuan erakusketa berria atondu du. Berak dioenez, «ikerketako edukiz» landuriko proposamenekin.Hogeitamar urte baino gehiago ziren herrian bakarkako erakusketarik egiten ez zuena. Sanz Enea kultur etxean egin zuen lehena eta azkena, 1981ean, oraindik Arte Ederretako ikasle zela. Ordukoaren eta oraingoaren artean, salbuespen gisara, Photomuseumen babesean egin zuen beste bat, duela hamar urte; pintura eta argazkilaritza uztartu zituen collage teknikarekin.
«Oso gustura nago nire lanak herrian erakutsi ahal ditudalako. Komunikabideetan oihartzun handia izan nuen bolada batez, nazioartean batetik bestera ibili nintzelako aurkezten, eta herritar askok orain ikusteko aukera izango du kanpoan zer-nolako lanak erakusten ditudan», aditzera eman du.
Erakusketak «hiru gorputz» ditu, merkatuko espazio zabalak ematen dituen aukerak baliatze aldera. Merkatura sartu eta berehala, Marco Simoncelli zena ikus daiteke motor gainean besoak zabal-zabal dituela. Motoziklismoa eta, batik bat, MotoGP mailako gidariak dira protagonista ia erakusketa osoan, eta hori litzateke atal nagusia.
Miresmenetik
Motor bat gidatzea pintatzea bezala da ageri da idatzita koadroetako batean. Toni Eliasen esaldia da, eta gidaria bera dago irudikatuta margolanean. «Kasik miretsi egiten ditut», dio artista zarauztarrak gidariei buruz. «Motoziklismoa bezalako kiroletan saiatzen dira muga materialak gainditzen; espazioa eta denbora, alegia. Bizitza jokoan jartzen dute lasterketetan, eta batzuk hil ere egiten dira». Zintzilikatuta dauden margoetako batzuk, gainera, Montmeloko zirkuituko tribunaren azpian ditu erakusgai.
Kirolaren bitartez jendea pinturara erakartzeko asmoa izan duela azpimarratu du, «baina agian motorren gaiarekin pinturako planteamenduetara jendea gerturatzen ez duzunez, garatu ditudan beste lan batzuen irakurketa bat ere eman nahi izan dut». Beraz, bi atal osagarri gehitu dizkio erakusketari, eta horiek aretoko atea zeharkatu ahala bereizten dira.
Eskuinera begiratuz gero, alborik albo hartzen duen New Yorkeko zero eremuari buruzko margolan erraldoiak erakartzen du bisitariaren arreta osoa. Hamar metro luze eta hiru metro garai da, eta estreinakoz erakutsi du publikoki. Eta haren hegaletan, problematika sozialetako gaiak jorratzen dituzten lanak: Londresko atentatuak, Bin Ladenen etxea eta Yemengo atentatua, besteak beste. «2001eko urrian, zatitutako Dorre Bikien koadroak erakutsi nituen New Yorken, baina nik gertaera izan baino lehenagotik neuzkan eginak. Zeresan handia eman zuen, eta obra iragarle moduan jo zuten. Horrek guztiak eragina izan zuen nire ondorengo lanetan».
Ezkerretara, bazter batean, Urangaren beraren ibilbidea azaltzen duen bideoa dago ikusgai, eta horrekin batera, hainbat doktore tesi, bereak nahiz bere kideenak, «koadro hauen atzean dauden planteamenduak ulertzeko egokiak».
Konposizio bisuala
«Zer erlazio dute motorrek eta Londresko biltegiak sugarretan?». Margolanen «kanpoaldeak» zerikusirik ez duten bi gai aurkezten badituzte ere, «inportanteena da planteatzen dudan sortze-lengoaia zehatz baten analisia». Une honetan, konposizio bisualarekin ari da buru-belarri. «Adibidez, zero eremuari buruzko margolanaren dimentsioak sekulakoak direnez, urrutitik guztia argi ikus dezakezu. Baina gerturatuz gero, tokialdatze bisuala ez ezik, fisikoa ere egitera behartzen zaitu. Beraz, irudi bakar batek instalazio izaera hartzen du, ohiko euskarriaren mugak gaindituz».
Urangak bere lana aurkezteko hitzordu bat zehaztu du irailaren 30erako (19:00etan, Merkartuan). Erakusketa egunero dago zabalik, 11:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 21:00etara.