Zarauzko EAJren eta PSE-EEren arteko udal akordioa «antinaturala» iruditzen zaio EH Bilduri. «Argi dago akordio hau goitik datorren estrategia orokor batek bultzatu duela, eta ez dela herri honek behar duena begiratu», nabarmendu du Mikel Goenagak: «Lehendik ere badakigu honelako akordio batek zein ondorio izan ditzakeen, bai nazio eraikuntzan, bai herrigintzan. Atzerapauso bat da».
Akordio hori, gainera, oraindik ez dutela azaldu salatu du: «Eskatu diegu akordio horien nondik norakoak azaltzeko, eta oraindik sekretupean dute. Ez dugu ulertzen zergatik, eta uste dugu zarauztar guztiok dugula hori ezagutzeko eskubidea».
Koalizioak agintaldi berriko lehen ehun eguneko balorazioa egin du: udal gobernuko bi alderdien arteko akordioaz gain, gastu politikoa, haren jarrera eta gobernatzeko modua izan ditu hizpide. Goenagak aipatu du gobernua osatu eta EAJk eta PSE-EEk hartutako lehen erabakia gastu politikoa igotzea izan zela. «Alkateak %20 igo zuen soldata eta gobernuko gastuak %64 igo dituzte». Kontran, aurreko agintaldian EH Bilduk «gobernatzeko beste modu bat» erakutsi zuela dio. «Gastu baxuagoarekin eta soldata duinekin lan politikoa egitea posible dela erakutsi dugu».
Hainbat kontuk arduratzen ditu koalizioko ordezkariak. Batetik, «kezkagarria» iruditzen zaie lehen hilabeteetan herritarrei «saldu» nahi izan dieten irudia: «Eurenak izango balira bezala aurkeztu dituzte aurreko agintaldiko proiektu asko».
Gobernatzeko moduak ere kezkatzen ditu. «Jarrera autoritarioak ikusi ditugu, eta informazioa eskatu zaienean berandu bidali dute, edo ez dute bidali». Kritikatu du «arauen gainetik» gobernatu dutela; herritarrei eskatzen zaizkien baimenak «nahieran» erabili dituztela. Hori dela-eta, jarrera horiek «lehenbailehen» aldatzeko eskatu dio.
Aldizkaria hiru hilean behin
EH Bilduren asmoa «herritarrak informatzea» da, eta horretarako aldizkari bat argitaratu du; hiruhilekoa izango da. «Gaien artean, giza eskubideei eta bizikidetzari buruzko bat jaso dugu. EH Bildurentzat garrantzia berezia du gai horrek», dio Naiara Carvajalek. Hori dela-eta, nabarmendu du EH Bilduk zarauztar guztien giza eskubideen alde lanean jarraituko duela eta baita gainontzeko alderdi politikoekin adostasunetara heltzeko ere.
Irailaren 3an egin zuten udal ordezkariek giza eskubideen eta bizikidetzari buruzko batzordea lehenbiziko aldiz, eta Carvajalek jakinarazi duenez, EH Bilduko kideek euren asmoak eta aurrera begirako proposamenak ezagutarazi zituen eta berretsi zuen giza eskubide guztien alde egiteko elkarlanerako prest dagoela.
«Epe laburrera badira bi data Zarauzko EH Bildurentzat esanguratsuak direnak. Bata igandea, Jon Paredes Manot Txiki-ren fusilamenduaren 40. urteurrena. Bestea azaroaren 10a, Memoriaren Eguna. Beste alderdiekin elkarlanerako prest gaude», esan du.