Urola Kostako Udal Elkarteak hamar pertsona kontratatuko ditu: alde batetik, mantentze-lanetarako enkargatu bat eta sei peoi; horiek lorezaintza, pintura eta igeltsaritza lanak egingo dituzte. Bestetik, ingurumen teknikari bat eta enpresa arloko bi teknikari ere hartuko ditu. Sei hilabeterako lanaldi osoko kontratuak izango dute horiek. Modu horretan, Urola Kostako Udal Elkarteak lanerako zailtasun bereziak dituzten pertsonen lan egiteko aukerak handitu nahi ditu aldi baterako lan esperientzia eskainita; herritar horien prestakuntza, gaitasuna eta motibazioa indartu nahi dute.
Aukerak eta irizpideak
Hautagaiak aukeratzerakoan hainbat irizpide hartuko dituzte kontuan. Alde batetik, ezinbestekoa da Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuan langabe gisa inskribatuta egotea eta Aian, Getarian, Orion, Zarautzen edo Zumaian erroldatuta egotea. Bestetik, hainbat kolektibok lehentasuna izango dute. Horregatik, kontratatuen %30 diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzaile titularrak izango dira; %40 emakumeak eta %15, 55 urtetik gorako herritarrak.
Lanpostu deialdiari buruzko informazio gehiago nahi dutenek edo izena eman nahi dutenek www.urolakosta.org webgunean Lan Eskaintzak atalean eskuratu ditzazkete deialdiaren oinarriak eta izena emateko orria.