Landa eremuko enpresentzat diru laguntza deialdia ireki du Eusko Jaurlaritzak. Urola Kosta Udal Elkartetik jakinarazi dutenez, Aiako udalerriko, Getariako Askizu, Eitzaga, Meaga eta San Prudentzio auzoetako, Zarauzko Aitza, Elkano eta Urtetako eta Zumaiako Artadi eta Oikiako enpresek eskatu ditzazkete diru laguntza horiek. Deialdiaren xedea da landa eremuko enplegua sustatzeko nekazaritzaz bestelako jarduerak sortzeko eta garatzeko inbertsioak babestea.
Diruz lagundu daitezkeen jarduerak bi multzo nagusitan banatu dituzte. Alde batetik, mikroenpresak eta enpresa txiki edo ertainak sortzea helburu duten proiektu eta jarduerak daude. Eta bestetik, enplegua sortzeko proiektuak, langileak kontratatzea edo beren kabuz enpresak sortzeko egitasmoak.
Diru laguntza deialdiari buruzko informazio gehiago nahi dutenek Urola Kostako Udal Elkartera jo, 943-89 08 08 telefono zenbakira hots egin edo enpresa@urolakosta.org helbidera idatzi dezakete.