Alderdiaren Astea antolatu du Zarauzko Uri Buru Batzarrak urtero legez, Batzokiko jarduerak dinamizatzeko eta herritarrengana gerturatzeko asmoarekin. «Urtero ekitaldi ugari antolatzen ditugu, eta herritarrekin gure lana partekatzen jarraitu nahi dugu». Hori dela-eta, hainbat ekitaldi antolatu dituzte aste honetarako.
Gaur, 19:30ean, Legebiltzarreko bozeramaile Pedro Azpiazuk hitzaldia eskainiko du. Etzi, 19:00etatik aurrera, Zarauzko Uri Buru Batzarreko lau kide omenduko dituzte: Isai Balentziaga, Arantza Diez, Juanita Ardantza eta Jose Leon Alkorta.
Irailaren 25ean, ostiralarekin, 19:30ean hasita, tortilla eta postre lehiaketa egingo dute, eta ondoren, afaria nahiz diskofesta.
Irailaren 26an, larunbatarekin, 17:00etatik aurrera, marrazki tailerra izango da haurrentzat. Ekitaldi guztiak Batzokian bertan egingo dituzte.
Eskualdetik autobusak
Alderdi Egunarekin biribilduko dute astea, igandean. Forondako (Araba) zelaietan elkartuko dira jeltzaleak eguna ospatzeko. Eskualdetik hainbat autobus antolatu dituzte Arabara joateko. Zarauztik Karmelitetako autobus geltokitik aterako da, 09:00etan. Bertaratu nahi dutenek izena eman beharko dute batzokian bertan.
Azkoititik eta Azpeititik ere irtengo dira autobusak Alderdi Egunera joateko, EAJk antolatuta. Antolatzaileek eskatu dute lehenbailehen izena emateko autobusez joateko asmoa dutenek. Horretarako, batzokira jo daiteke edo honako telefono zenbakietara dei daiteke: 943-81 30 40 edo 688-69 16 10. Datorren igandean, 09:15ean aterako da autobusa Azpeititik, eta 09:30ean Azkoititik.