Irailaren 26an egingo dute Donostia-Zarautz ibilaldi kutural-gastronomikoa, Igeldo, Kukuarri, Oriotik eta Talaimenditik pasatuz. Oraindik ere eman daiteke izena
Irabazirik izango balute, aurrerantzean elkartasun proiektu bati laguntzera bideratuko dute Gipuzkoa Kostalde Baleadak; beti ere, kontuan izanda irabazi asmorik gabeko egitasmoa dela. Aurten Nepaleko lurrikarako biktimei laguntzeko asmoa dute; hala dio Iñaki Rojok, Gipuzkoa Kostalde Baleadakoak.Irailaren 26an egingo dute ibilbide lasaia. Egitasmoaren helburu nagusia da euskal kostaldea lotzea, euskal kultura, hizkuntza, balearen arrantza eta Ternuako istorioak ardatz hartuta. Era berean, Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko anaitasuna sustatu nahi dute.
Interesa dutenentzat oraindik izena emateko epea zabalik dago, eta oraingoz ipar euskal herritarrak dira izena emandakoen artean gehiengoa. Hori horrela, Eduardo Mugertza Badok 13-ko kideak ibilaldian parte-hartzera animatu ditu hegoaldekoak. Kostalde Baleadaren webgunean (www.gipuzkoakostaldebaleada.com) egin daiteke inskripzioa eta baita ondorengo tokietan ere: Zarautzen, Chapucetti eta Maspormenos dendetan, eta Orion, berriz, Uranga Burdindegian eta Iturain Tabakoak estankoan. Internetez eginda 26 euro balio du, eta saltokietan, berriz, 25 euro.
Iaz, Zumaia, Orio eta Zarautz lotu zituzten Gipuzkoa Kostalde Baleadarekin. Aurten beste ibilbide bat atonduko dute, eta gutxi gorabehera, iazkoaren alderantzizkoa izango da. Donostiako portutik abiatuko dira 08:00ak aldera, eta Zarauzko Munoa plazan bukatuko dute, 23,66 kilometro osatu ondoren; txangoan, Igeldotik, Kukuarritik, Orioko herrigunetik eta Talai Menditik igaroko dira.
Gune bakoitzean ekitaldi bereziak eskainiko dituzte tokian tokiko arraun elkarteek lagunduta, parte-hartzaileek bertako kultura eta gastronomiaz gozatu dezaten. Hala, Orion, Salatxo aretoan erakusketa bat prestatuko dute Albaolak utzitako materialarekin, eta ondoren ikastola inguruan hamaiketakoa eskainiko dute.
Zarautzen, ibilbide bukaeran izango da festa nagusia. Besteak beste, Ibaialde eta Montetxio abesbatzek, bertsolariek, trikitilariek eta Alaken taldeak hartuko dute parte. Azken horiek Muxikoak girotuko dituzte. Horrez gain, lagunarteko bazkaria egingo dute Munoan bertan. Aurreratu dute Angeluko Ibaialde ikastolako eta Salbatore Mitxelenako ikasleak batzeko asmoa ere badutela.
Autobus zerbitzua jarriko dute Zarauztik Donostiako abiapuntura joateko. Araba kaleko 1.zenbakitik aterako da autobusa.
Badok 13 elkarteak Angeluko Ibaialderekin harreman estua zuela-eta iparraldeko elkarteak urtero antolatu ohi duen ekitaldia hegoaldera ekartzea erabaki zuten arraunlari ohi zarauztarrek iaz. Ixidor Larrañaga Zarauzko Turismo zinegotziak adierazi duenez, iazko izandako arrakasta ikusita, aurten berriz antolatzea erabaki dute.