Txiki eta Otaegi omenduko dituzte hilaren 27an, Zarautzen

Urola Kostako Hitza 2015eko irailaren 18a

Jon Paredes Manot Txiki zarauztarra, Angel Otaegi azpeitiarra eta FRAPeko hiru kide (Humberto Baena, Jose Luis Sanchez Bravo eta Ramon Garcia Sanz) fusilatu zituzten 1975eko irailaren 27an. 40. urteurrenean Egia bide, askatasuna amets lelo hartuta omen...

Jon Paredes Manot Txiki zarauztarra, Angel Otaegi azpeitiarra eta FRAPeko hiru kide (Humberto Baena, Jose Luis Sanchez Bravo eta Ramon Garcia Sanz) fusilatu zituzten 1975eko irailaren 27an. 40. urteurrenean Egia bide, askatasuna amets lelo hartuta omenaldi ekitaldia antolatu dute irailaren 27rako, 13:00etan, Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan. Senideek, Egiari Zor fundazioak, eta Goldatu, Intxorta 1937 eta Ahaztuak 1936-1977 elkarteek antolatu dute ekitaldia, eta atxikimendua agertu du Frankismoaren Aurkako Euskal Plataformak ere.

Euskal Herria «1975eko bidegurutzean» dagoela azaldu dute antolatzaileek. «Erreformaren erreforma, edo estatuaren benetako demokratizazioa», Josu Ibargutxi Goldatukoaren hitzetan. «Frankismoak ito zuen aukera demokratikoari bide emateko aukera dagoela uste dugu».

Horretarako, 1975eko irailaren 27an fusilatutakoen «konpromisoa hartu eta gaurkotzea» garrantzitsua dela deritzote, eta, besteak beste, horixe aldarrikatuko dute Zarauzko ekitaldian.

Beste ekitaldi batzuk

Azpeitian ere 40. urteurrena gogoan hartuta hainbat ekitaldi antolatu dituzte datorren asterako. Irailaren 21etik 27ra erakusketa ibiltaria antolatu dute. Irailaren 24an, Haizea eta sustraiak dokumentala emango dute, 21:30ean, Sanagustin kulturgunean. Irailaren 25ean, hitzaldia izango da udaletxe azpian, 12:00etan.

Irailaren 26an Nuarbera mendi martxa egingo dute, 09:00etan Azpeitiko plazatik irtenda. Gero, 12:30ean, Otaegiren jaioterrian, Nuarben, omenaldi ekitaldia egiteko. Ondoren, bazkaria da Nuarben eta sarrerak Orkatz kultur elkartean eskuratu daitezke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide