Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa igandean abiatuko dute Beasainen. 43 bertsolarik hartuko dute parte txapelketan, eta horietako hamaika Urola Kostakoak dira.
Igandean Beasainen hasita jokatuko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Hiru hilabetez 15 saio egingo dituzte, tartean Azpeitian, Zestoan eta Zarautzen. Finala abenduaren 20an izango da Donostiako Ilunben. Sei final zortziren, bost final laurden eta hiru finalaurreko jokatuko dira finalaren aurretik.Denera 43 bertsolarik parte hartuko dute. Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasea udaberrian jokatu zen: 74 bertsolarik hartu zuten parte, eta 30 sailkatu ziren txapelketarako. Zortzi Urola Kosta eskualdekoak dira: Jon Maia (Zumaia), Ibai Esoain (Orio), Iñaki Gurrutxaga (Orio), Nahikari Gabilondo (Zarautz), Xabier Sukia (Orio), Egoitz Eizagirre (Orio), Iñigo Mantzisidor Mantxi (Zarautz) eta Eneritz Artetxe (Azkoitia) sailkatu dira. 30 horiek, bat egingo dute orain lau urteko txapelketan sailkatze zuzena lortu zuten 13 bertsolariekin. Tartean daude Jokin Uranga eta Beñat Lizaso azpeitiarrak eta Felix Zubia zarauztarra.
Bertsolariez gain, bederatzi gai-jartzaile, 19 epaile, hiru idazkari eta laguntzaile ugari ariko dira bertsolari txapelketan. Saioetako sarrerak eta bonoak dagoeneko salgai jarri dituzte bertsosarrerak.eus atarian.