Larunbatean jokatu zuen proba korrikalariak, Herbeheretan. Eginiko lanaz «harro» dago Azpeitian bizi den eibartarra, lehen hamarretan sartzea baitzuen, hasieran, xede.
Ehun kilometroko munduko txapelketan bigarren postua lortu duen Gipuzkoako lehen atleta da Asier Cuevas, Azpeitian bizi den eibartarra. Larunbatean jokatu zuten lasterketa, Herbeheretako Winschoten udalerrian. Hamar kilometroko zirkuitoari hamar itzuli eman zizkioten korrikalariek. «Harro» dago Cuevas lortutako emaitzarekin; izan ere, probaren hasieran, «lehen hamarretan sartzea» zuen helburu eibartarrak. «Lasai irten nintzen, eta aurkarien mugimenduak aztertu nituen. Ez nuen uste hain ondo ibiliko nintzenik, eta oso gustura nago eginiko lanarekin», azaldu du.Munduko txapelketan ez ezik, Europakoan ere txapeldunordea da Azpeitian bizi den atleta. Izan ere, munduko lehia Europan jokatzen denean, Europako titulua ere jokoan izaten dute. Suediako Jonas Buud izan zen lehen sailkatua, 06:22:44 denbora behar izan zuen 100 kilometroak egiteko. Cuevasek 06:35:49 denboran bukatu zuen ibilbidea; eta Giorgo Calcaterra izan zen hirugarren sailkatua, 06:36:49 denborarekin. Sailkapenaren postu gorenak ukitzeaz gain, bere errekorra hautsi du Cuevasek: 2011n Espainiako Txapelketan egindakoa zuen orain arteko markarik onena, 06:38:56 egin zuen. Ia hiru minutuan ondu du.
Aurten lasterketa gutxi jokatu baditu ere, emaitza oso onak lortu ditu Cuevasek. Hori dela-eta, denboraldia, oro har, «positiboa» izan dela azaldu du korrikalariak. Orain atseden hartzeko unea iritsi zaio, eta datorren denboraldian, berriro, munduko txapelketari begira jarriko da: «Helburua ahalik eta ondoen ibiltzea izango da; ez diot neure buruari postu bat eskatu nahi, inoiz ezin baita jakin gauzak nola joango diren edo aurkariak nola dauden».
Kirolaria eta langilea
Munduko onenen artean egon arren, Asier Cuevas ez da korrika egitetik bizi. Egunero joaten da Eibarrera, lanera. «Ez dut denbora alferrik galtzen, eta saiatzen naiz kirola, lana eta familia uztartzen», azaldu du. Horretarako, 05:30ak inguruan jaiki, eta martxan hasten da, lantokiko eraikinari ematen dizkio itzuliak. 07:30ean sartzen da lanera, eta 17:30ean irteten da. Lanetik irten, eta berriro entrenatzen du: «Etxerakoan, Loiolan gelditzen naiz, denbora ez xahutzeko». Arratsaldeko entrenamendua bukatu ostean, etxera joan eta afaria prestatzen du.
Gogorra da egunerokoa halako kirolarientzat; eta, horregatik, korrikalariak eskerrak eman dizkie lagundu dioten guztiei; familiari, lagunei eta azpeitiarrei.